Gizartea -

2016ko datuak

Hamabi tortura kasu salatu ziren iaz Euskal Herrian

Salhaketaren arabera, horietako bi kasutan Ertzaintza dago nahasita. Gainera, 34 pertsona hil ziren Estatuan, espetxean edo poliziaren zaintzapean.

Salhaketako ordezkarien agerraldia. Argazkia: EiTB
Salhaketako ordezkarien agerraldia. Argazkia: EiTB
Salhaketako ordezkarien agerraldia. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presoen eta haien senideen eskubideen alde lan egiten duen Salhaketa elkartearen arabera, iaz 117 tortura edo tratu txar kasu salatu ziren Estatuan, horietako 12 Euskal Herrian.

Torturaren prebentzio eta salaketarako koordinakundeak bildutako datuen berri emateko agerraldia egin du Salhaketak eta, iaz, espetxean edo poliziaren zaintzapean zeuden 34 pertsona hil zirela jakinarazi du.

"2016ko txostenak dio 117 salaketa jarri zirela tortura edo tratu txarrengatik eta 259 pertsona direla kaltetuak", azaldu du Oihana Barrios bozeramaileak. Poliziaren zaintzapean edo manifestazio eta kontzentrazioetan ematen diren tratu txarrak bereizi ditu.

Beste urte batzuekin alderatuta, salaketa gutxiago izan ziren iaz, "baina horrek ez du esan nahi kasu gutxiago izan direnik, izan ere, salaketa jartzeko beldurra handia da oraindik eta pertsona asko dira salaketa bat jartzera ausartzen, errepresalien beldur direlako", ohartarazi du Barriosek.

Euskal Autonomia Erkidegoan hiru salaketa izan ziren eta horietako bitan Ertzaintza dago nahasita; Nafarroan, berriz, beste bederatzi salaketa izan ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Salaketak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea