Gizartea -

Eusko Legebiltzarra

Poliziek ez dute gorroto delituak instruitzeko prestakuntza nahikorik

Horixe azpimarratu du Gizarte Politikako sailburuak, eta azaldu du Erabereani esker kasuak aireratzen dituztela: 15, aurten; 49, 2016an; eta 25, 2015ean.

Ertzaintza. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak ohartarazi du poliziak ez daudela gorroto delitu salaketak instruitzeko prestatuta, nahiz eta EAEn goraka egin duen salaketa kopuruak, eta horrek zaildu egiten du auzitegiek kasu horiek zigortzea.

Artolazabalek agerraldia egin du gaur Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemosek eskatuta, Eraberean elkarte sarearen lana azaltzeko. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, etnia, nazionalitate, sexu orientazio eta nortasun, eta genero arrazoiengatik diskriminazioa pairatu dutenen kasuak atzematen eta bideratzen ditu.

Sailburuak azpimarratu du sare horri esker "bestela ezkutuan egongo liratekeen diskriminazio kasuak azaleratzen" direla: 15, aurten; 49, 2016an; eta 25, 2015ean.

Iaz Erabereanek artatu zituen kasu guztietatik, % 53 arrazakeriarekin eta xenofobiarekin zeuden lotuta; % 27, LGTBIfobiarekin, eta % 20, ijitoen kolektiboarekin.

Eusko Jaurlaritzak eskuartean dituen datuetan oinarrituta, sailburuak esan du diskriminazio kasuek gora egin dutela, baina askotan ez dela salatzen "beldurragatik, ezjakintasunagatik edo konfiantza ezagatik".

Sailburuak azaldu duenez, Erabereaneko langileek "zailtasunak" izan dituzte kasuak auzitegietara iristeko, "gorroto delituekin lotutako tipo guztiak ezartzeko", eta horrek "biktimei ordaina jaso ez izanaren sentsazioa" eragiten omen die.

"Arazoa" omen da poliziak batzuetan ez duela "modu egokian egiten instrukzioa" edo ez duela "nahikoa prestakuntzarik" gorroto delituen inguruan, eta ondorioz, delitu arin edo eraso bezala iristen direla auzitegietara.

Hala, polizien lana hobetzeko, Eraberean Arkauten ari da Ertzaintzarekin lanean. Arolazabalek iragarri du udaltzainekin eta auzitegietako langileekin ere egingo dutela lan.

Sailburuak emakume musulman atzerritar baten kasua aipatu du. Bilboko metroan jo eta iraindu egin zuten, baina poliziaren argiketan delitu arin gisa tratatu zuten. Orduan, Eraberean sartu zen prozesuan, eta auzitegiek ustezko gorroto delitu gisa moduan tratatzea lortu zuen.

Bi urteko prozesuaren ostean, hile honetan atera da ebazpena, eta biktimari eman diote arrazoia. Erasotzaileek aitortu dute arrazakeriagatik eta xenofobiagatik jokatu zutela horrela, eta barkamena eskatu zioten biktimari, kalte-ordain ekonomikoari uko egin dion biktimari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Delituak albisteak Salaketak albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak