Gizartea -

Osasuna

Bainatzeko egokia al da Bilboko itsasadarra?

Leptospirosi kasuak atzeman eta gero, itsasadarra kirol ekitaldiak hartzeko egokia dela nabarmendu du Udalak.

Bilboko itsasadarra. EiTB
Bilboko itsasadarra. EiTB
Bilboko itsasadarra. EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko itsasadarreko uraren kalitatea kolokan dago, triatloi bateko hiru parte-hartzailek leptospirosia dutela jakin ostean.

Osakidetzak jakinarazi duenez, maiatzaren 20an Bilbon triatloi batean parte hartu zuten hiru pertsonak leptospirosia dute, proba horretan itsasadarrean igeri egin ondoren. Kasu horietako bat baieztatuta dago, eta beste biak susmagarriak dira.

Horren berri izan ondoren, Club Deportivo Bilbao elkarteak bertan behera utzi du igandean igeri eginez egitekoa zen trabesia. Izan ere, uraren kalitatea ezin dutela "bermatu" ohartarazi dute.

Trabesiak 78. edizioa izango zuen aurten. 400 parte-hartzaile izan ohi ditu urtero, eta aurten 212 pertsonak emana zuten izena jada.

Testuinguru horretan, Bilboko Udalak "alarmarik" ez pizteko deia egin du, eta gogorarazi du azken hamarkadan leptospirosi kasu bakarra baieztatu dela.

Yolanda Diez Osasun zinegotziak azaldu duenez, itsasadarra ez da "bainu-gunea", baizik eta "kirol eta aisialdi gunea".

"Osakidetzaren gomendioa da bainua ez izatea bi ordukoa baino luzeagoa, eta ondoren, berehala, dutxa hartzea", gaineratu du.

Ildo berean, Juan Mari Aburto alkateak ere nabarmendu du itsasadarra "egokia" dela kirol ekitaldiak egiteko, eta gogorarazi du bainurako prest egongo balitz sorosleak eta hainbat zerbitzu izan beharko lituzkeela.

"Ez nuke arazorik izango itsasadarrean txonbo egin eta ondoren dutxa luzea hartzeko", esan du.

Nork behatzen du uraren kalitatea?

Yolanda Diez zinegotziaren esanetan, Udalak eskuduntzak ditu itsasadarreko ertzetan, baina "ez urean". "Kontsumo-urak aztertzen ditugu, baina ez itsasadarreko urak", erantsi du.

Itsasadarreko kirol ekitaldiei dagokienez, uraren kalitatea antolatzaileek eurek egiaztatu behar dutela nabarmendu du Diezek, laborategi pribatuak erabiliz.

Zer da leptospirosia

Leptospirosia gaixotasun infekziosoa da, eta animalien pixaren bitartez transmititzen da. Gripearen tankerako sintomak ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilboko Itsasadarra Bilbo Gaurko albisteak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak