Gizartea -

Eusko Legebiltzarra

Lanbidek hatz marken sistema ezartzea gogor kritikatu dute etikan adituek

Elkarrekin Podemosek gonbidatuta, Eusko Legebiltzarrean hitz egin dute etikan eta filosofian aditu diren bi teknikarik. Horien iritzian, 'neurrigabea' da Jaurlaritzak hartutako erabakia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak hatz marka bidezko identifikazio sistema ezarriko du Lanbiden, eta, gainera, iruzurraren aurkako talde bat eratuko du laguntza sozialen kudeaketa hobetzeko eta irregulartasunak saihesteko. Gizarte laguntzen kudeaketa hobetzera bideratutako neurriak aurkeztu zituen Gasteizko Gobernuak joan den martxoan, eta hatz marka bidezko identifikazioarena zen horietako bat.

Neurri horrek, jakitera eman orduko, hautsak harrotu zituen, eta Elkarrekin Podemosek gogor kritikatu zuen. Gaur, talde horrek gonbidatuta, Eusko Legebiltzarrean hitz egin dute LIFE etikaren eta filosofiaren ikerkuntzan lan egiten duen elkarteko bi kidek. Horien hitzetan, Diru- sarrerak Bermatzeko Errentaren kudeaketa kontrolatzeko hatz marka bidezko identifikazio sistema erabiltzea "oso erasokorra" eta "neurrigabea" da. Adituen iritzian, neurri horrek "diskriminazio bide berriak" sor litzake.

Bideokonferentzia bidez, Granadatik, hitz egin dute LIFE ikerketa zentroko ordezkariek Gasteizko Ganberan. Hatz marka bidezko identifikazio sistemaren gaineko irakurketa etikoa egin dute.

Bi adituok bat etorri dira Jaurlaritzak ezarri duen identifikazio sistema horrek herritarren oinarrizko eskubideak urra ditzakeela esatean. Neurria ezartzeko argudio bakarra, gogora ekarri dutenez, iruzurra da. Hori dela eta, eta Lanbideren diru-laguntzen kudeaketan atzematen den iruzur kopurua kontuan izanda, hatz marka bidezko kontrola "neurrigabea" dela iritzi diote. Teknikarion hitzetan, Administrazioak gai izan beharko luke iruzur kopuru horri aurre egiteko, halako neurri zorrotzik hartu gabe.

Gaineratu dutenez, herritar "ahulenen kolektiboa" jarriko litzateke "berriro jomugan", "ustezko iruzurgile" delakoen taldean sartuta. Pertsona horiei ezarriko zaien "zaintza biometrikoak" ekar lezakeen "bazterketa bidegabea" salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra bideoak Albisteak Gaur Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi