Gizartea -

Europolek koordinatuta

Camorraren aurkako polizia operazioa Katalunian, Alemanian eta Italian

Gutxienez 14 pertsona atxilotu dituzte, baina 20 izatea espero dute. 520 kilo kokaina eta 450 marihuana eta kilo bat haxix atzeman dituzte Espainian eta Italian egindako miaketetan.

Esquadra Mossoak eta Guardia Zibila, gaur, Bartzelonan. Argazkia: EFE
Esquadra Mossoak eta Guardia Zibila, gaur, Bartzelonan. Argazkia: EFE
Esquadra Mossoak eta Guardia Zibila, gaur, Bartzelonan. Argazkia: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak eta Esquadra Mossoek polizia operazioa abiarazi dute Camorraren aurka, zehatz-mehatz, droga-trafikoaren eta horren bidez lortutako diruaren zuritzearen aurka. Gutxienez 14 pertsona atxilotu dituzte dagoeneko, eta 20 bat izatea espero dute, bai Katalunian, baita Italian eta Alemanian ere.

Fiskaltzak ohar baten bidez azaldu duenez, Bartzelonan eta probintzia horretako beste leku batzuetan atxilotutako gehienak italiarrak dira, baina Espainiako, Venezuelako, Txileko eta Kolonbiako hiritar bana ere badago atxilotuen artean.

Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboa eta Esquadra Mossoak egiten ari diren polizia operazioa Auzitegi Nazionaleko 6 zenbakiko Instrukzio Epaitegia koordinatzen ari da. Atxilotuei organizazio kriminal baten kide izatea, kapitalak zuritzea eta drogarekin trafikatzea leporatu diete.

Agenteek 15 miaketa egin dituzte Bartzelonan eta inguruetan, eta horietan dokumentuak eta euskarri informatikoak jaso dituzte, Italian egindako bietan eta Alemaniako seietan bezala.

Hiru herrialdeetan, gainera, droga-trafikoaren eta kapitalen zuritzearen bidez lortutako ondasunak enbargatu dituzte eta 5 milioi euroko balioa dute.

Hilabeteak daramatzate organizazioa ikertzen hiru herrialdeetako agintari judizialek. Kapitala zuritzeko ostalaritzaz, eta autoen zein bitxien salerosketaz baliatzen ziren, besteak beste, ordezkariak erabilita.

Bestalde, miaketetan, 520 kokaina kilo eta 450 marihuana eta haxix kilo atzeman dituzte Espainian eta Italian.

Fiskaltzak taldekako lana goraipatu du, EBko kooperazio judiziala eta poliziala tresna da, nazioartean jarduten diren organizazioak ikertzeko.

Herrialde bakoitzeko dispositiboak Europolek koordinatu ditu; gainera, agenteak ere bidali ditu operazioa egiten ari diren leku guztietara.

Atzo, 'Ndranghetaren aurkako kolpea

Bestalde, Italiako segurtasun indarrek 116 pertsona atxilotu zituzten atzo hainbat lekutan 'Ndrangheta Calabriako mafiarekin kolaboratzea leporatuta.

Atxilotuei mafiosoekin loturak izatea, estortsioa, armak modu ilegalean izatea, baloreak iruzurraren bidez transferitzea eta iruzurra egitea, besteak beste, egotzi diete. Delitu guztiei, gainera,  astungarria erantsi behar zaie: mafia sustatzea, hango hedabideen arabera.

Atxiloketak Calabrian (Italia hegoaldean) egin zituzten eta atxilotuak 24 klanen kide dira. Horietan artean, buruzagi, zuzendari eta laguntzaile nagusiak daude.

Operazioak Morabito klanari ere, 'Ndranghetako klan nagusienetakoa, eragin dio. Izen ere, Giuseppe Morabitoren semeetako bat atxilotu dute. Morabito 2004an hartu zuten preso, 15 urte baino gehiagoan ihesean egon ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bartzelona bideoak Espainia Alemania Gizartea Gaurko azken ordukoa Italiako albisteak