Gizartea -

Migrazio krisia

Errefuxiatuen harrera hobetzeko dokumentu markoa aurkeztu du Jaurlaritzak

Europar Batasunak 182.000 errefuxiatu birkokatzeko konpromisoa hartu bazuen ere, 37.000 baino ez ditu hartu; Euskal Autonomia Erkidegora 50 baino ez dira iritsi.

Errefuxiatuak Grezian. Artxiboko argazkia: EFE
Errefuxiatuak hartzeko esperientzia pilotua jarriko da abian Euskadin

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errefuxiatuen arreta "hobetzeko" dokumentu markoa osatu du Eusko Jaurlaritzak, harreran hartutako errefuxiatu kopurua handitzea eta integrazio prozesuak hobetzea helburu duena.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusiak eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak aurkeztu dute "Eusko Jaurlaritzaren Esparru Dokumentua, krisi humanitarioari eman beharreko erantzun soziala, politikoa, erakundeen artekoa eta sailen artekoa partekatuta orientatzeko" izeneko dokumentua.

Fernandezek azaldu duenez, errefuxiatuen krisi humanitarioari erantzuna emateko "estrategia" bat da eta testuak legegintzaldi honetarako hausnarketa, helburu eta jarduketa zehatzak jasotzen ditu.

Errefuxiatuen harrerari dagokionez, bada hobetzeko tarterik Euskal Autonomia Erkidegoan; izan ere, 307 hartzeko gai izanda ere, 50 baino ez ditu hartu.

Hori dela eta, harrera "kuantitatiboki" hobetzeko eta harreran hartutako errefuxiatu kopurua handitzeko "bideak" hobetzea aldarrikatu du, nahiz eta gai hori Europar Batasunaren eta estatu kideen eskumena izan.

Aipaturiko dokumentu markoak hainbat ardatz zehazten ditu, tartean, errefuxiatuen harrera indartzeko akordioa lortzea helburu duena. elburua harrera- eta abegi-sistemak eraldatzeko eta hobetzeko proposamenak aurkeztu eta sustatzea da, bereziki Espainiako Gobernuari dagokionez. Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua negoziazioetan ari dira 50 pertsona uda honetan bertan EAEra iristeko. Bestalde, gai horrekiko duen bere ikuspegia Europako eta nazioarteko instantzietan entzunarazten saiatuko da Eusko Jaurlaritza.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioaren albisteak Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gizartea albisteak Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan albisteak Errefuxiatuak azken ordukoa