Gizartea -

Gertakaria

Normaltasunera itzuli da Loiuko aireportua, bonba abisu faltsuaren ostean

Hegazkinek "edozein ostegunetan bezalaxe" jardun dute, aireportu bizkaitarretik jakitera eman dutenez.

Loiuko aireportua, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB
Loiuko aireportua, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB
Loiuko aireportua, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aireko trafikoa bere onera itzuli da Loiuko aireportuan, atzo gezurrezko bonba abisu batek hankaz gora jarri ostean.

Loiuko aireportutik eitb.eus-i jakinarazi diotenez, hegazkin bat Santanderrera bideratzeaz aparte, atzoko joan-etorri guztiak bete egin ziren, eta abioiek "aireportuan egin dute lo eta edozein ostegunetan bezalaxe joan dira hegan".

Hegazkin bat desbideratu behar izan zuten eta Bilboko Aireportua alertan jarri zuten atzo gauean bertan izandako bonba mehatxu baten ostean. Azkenean, baina, alarma faltsua izan zela egiaztatu zuten Segurtasun Indarrek eta Aireportua normaltasunera itzuli zen 00:30 aldera.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren iturriek eitb.eus-i baieztatu diotenez, AENAk dei bat jaso zuen gaueko lehen orduetan, eta, horretan, 22:30ean Bilboko Aireportuan lur hartu behar zuen hegazkin batek bonba bat zeramala ohartarazi zioten. Hegazkina KLM konpainiakoa zen eta Amsterdametik zetorren.

Hainbat hegaldi posible aztertu eta gero, ordu horren inguruan lurreratu zen hegazkin bat pistatik urrundu zuten, eta Guardia Zibilak aparailua eta bidaiariak miatu zituen.

Dena dela, Institutu Armatuak ez zuen mehatxurik topatu, eta bonba abisu faltsua izan zela egiaztatu zuen.

KLMren 1689 hegaldia Amsterdametik abiatu zen 20:36ean eta Bilbon lur hartu zuen, 22:45 aldera. Guztira, 90 bidaiari zihoazen.

AENAtik eitb.eus-i baieztatu diotenez, Bilboko Aireportua alertan izan zen bitartean Loiun lur hartu behar zuen hegazkin bat desbideratu behar izan zuten.

Hain zuzen ere, Santiago-Bilbo-Santander bidea egiten ari zen, eta, azkenean, Kantabriako hiriburuko aireportura desbideratu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Loiuko Aireportua Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa