Gizartea -

Morañako parricida

Kartzelaldi iraunkor berrikusgarria ezarri dute lehen aldiz Espainian

David Oubel Morañako parrizidari kartzelaldi iraunkor berrikusgarria ezarri dio epaimahaiak, aho batez. Espainiako lehen kasua izan da.

David Oubel, epaiketan. Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.
David Oubel, epaiketan. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaia eta Candela umeak Morañako etxean aurkitu zituztenetik ia bi urte igaro direnean, Pontevedrako Lurralde Auzitegiak kartzela iraunkor berrikusgarria ezarri dio David Oubel neskatoen aitari, bi alabak hiltzeagatik.

Epaimahaiko kide guztiek erabaki dutenez, frogatua izan da 2015eko uztailaren 31n Oubel bere etxean zegoela, eta bertan bi alabei eraso egin ziela gailu elektriko batekin, “nahita” hil zituen arte.

Epaimahaiak adierazi duenez, bi alaben "babesgabetasunaz baliatu zen" David Oubel. Izan ere, autopsietan ageri denez, bi haurrek farmakoak hartu zituzten hil aurretik.

Bi orduko deliberazioaren ostean, epaimahaiak erruduntzat jo du. Jarraian, Tribunalak epaia jakitera eman du eta epaimahaiak esandakoa berretsi du. David Oubel erruduna dela adirazi du, aurrez pentsatutako hilketa delituagatik. Horrez gain, Oubel umeen aita izateak eta biktimak 16 urtetik beherakoak izateak zigorra gogortu du.

Kartzela zigorraz gain, Oubelek ezin izango du bere emazte ohiarekin kontakturik izan datozen 30 urteetan. Gainera, 300.000 euroko indemnizazioa ordaindu beharko dio. Errekurtsorik aurkeztu ez denez, sententzia behin betikotzat jo dute.

Fiskaltzak kartzela iraunkor berrikusgarria eskatu duen lehen aldia izan da Galizian, eta, Estatuan, akusatuari zigorra ezarri zaion lehen aldia.

Krimena aitortu zuen

Alaba biak hil egin zituela aitortu eta damua agertu zuen David Oubelek epaiketan, baina ez zuen argitu zergatik hil zituen.

“Muturreko egoera batean nengoen eta erabaki okerra hartu nuen; damututa nago eta barkamena eskatzen dut. Oso damututa nago eta ez daukat egindakoa konpontzeko modurik”, azpimarratu zuen.

Areago, auzipetuak esan zuen gertakariak jazo zirenean buruko desorekarik ez zuela eta egiten ari zena gaizki zegoela ulertzeko gai zela.

Hortaz, bere abokatuak erabili zuen estrategia hankaz gora jarri zuen adierazpen horrekin; izan ere, bi neskatoak hil zituenean erotasun iragankorra izan zuela defendatu zuen Oubelen abokatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak bideoak Gizartea Albisteak