Gizartea -

Auzitegi Konstituzionala

Gasteizek helegitea jarriko du Martxoaren 3ko gertakariak iker daitezen

Alkateak aurreratu du Konstituzionalak helegitea atzera botaz gero Europara joko dutela "biktima guztientzako egia, justizia eta konponketa exijitzeko".

Murala Martxoaren 3ko biktimen alde. Argazkia: Efe
Murala Martxoaren 3ko biktimen alde. Argazkia: Efe
Murala Martxoaren 3ko biktimen alde. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalak babes helegitea aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean 1976ko martxoaren 3ko gertakariak argitzeko kereila atzera bota izanaren aurka. Poliziak bost langile hil eta ehunka zauritu zituen.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak iragarri du udal gobernuak helegitea jarriko duela biktima horien errekonozimendua lortzeko, eta poliziaren oldarraldi haren arduradunak epaitzeko.

2016an, Udalak, Arabako Batzar Nagusiek eta Aldundiak kereilak aurkeztu zituzten helburu horiekin, baina Instrukzio Epaitegiak eta Probintzia Auzitegiak atzera bota zituzten, gertakariak preskribitu egin zirela iritzita.

Erabaki horien kontra, Udalak, Batzar Nagusiekin eta Aldundiarekin elkarlanean, Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea sartzea adostu du, "bide judizialak agortze aldera".

Dena dela, Gasteizko alkateak aurreratu du babes helegitea ere atzera botatzen badute, Europara joko dutela "biktima guztientzako egia, justizia eta konponketa exijitzeko".

"Martxoaren 3ko biktimek ere merezi dute errekonozimendua, egia ezagutzea eta euren memoria eta duintasuna konpontzea", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa Urtemuga martxoak 3