Gizartea -

Euskadin

'Busti Zaitez' esklerosi anitzaren kanpainak 20 urte bete ditu

Urtero Euskadiko hondartzetan egin ohi den 'txonbo' solidarioan parte hartu dute politika, kultura eta kirol arloko hainbat aurpegi ezagunek.

Esklerosi anitzaren kanpainaren aldeko ekitaldia Donostian. Argazkia: EFE
Esklerosi anitzaren kanpainaren aldeko ekitaldia Donostian. Argazkia: EFE
Esklerosi anizkoiztaren aldeko kanpainak 20 urte bete ditu

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esklerosi anitzaren gainean kontzientziatzeko eta 'Busti Zaitez' kanpainarekin bat egiteko asmoz, 'txonbo' solidarioa egin dute igande honetan politika, kultura eta kirol arloko zenbait aurpegi ezagunek Donostiako Kontxa eta Getxoko Ereaga hondartzetan.

2.500 lagunek dute esklerosi anitza Euskadin, eta gaitz hori ageri jarri nahi duen 'Busti Zaitez' kanpainak 20 urte bete ditu aurten. Ekitaldia urtero egiten dute Euskadiko hainbat hondartzetan, EM Euskadi eta ADEMGI gaixoen elkarteek antolatuta, hain zuzen ere.

Ekitaldia Bizkaian

Ereagako hondartzan hainbat alderdi politikoko ordezkari bildu dira, tartean, Iñigo Pombo (EAJ), Alfonso Gil (PSE), Nerea Llanos edo Beatriz Marcos (PP). Gainera, Leire Aragon BBKko Obra Sozialeko zuzendaria izan da, Mikel Urmeneta diseinatzailea, Asier Ormaza aktorea, Pello Cabestany txirrindularia eta Antonio Nielfa 'La Otxoa'rekin batera.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Jon Darpon Osasun sailburua izan da. Esklerosi Anitzaren Fundazioa zoriondu du 20. urteurrenagatik, eta "antolakuntza eta ikusgaitasun eredu" dela esan du, "administrazio guztiei lagundu dielako eta, batez ere, esklerosia duten lagunei eta euren familiei".

Gipuzkoa

Donostiako Kontxa hondartzan izandako txonboan, berriz, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako sailburuordea, Maite Peña Gipuzkoako Politika Sozialerako foru-diputatua, Eneko Goia Donostiako alkatea eta hainbat zinegotzi izan dira.

Goiak azpimarratu duenez, Esklerosi Anitzaren Gipuzkoako Elkartea babestu nahi izan du "lan garrantzitsua burutzen dutelako eta gizarte honek antolatzeko duen gaitasunaren eredu delako".

Bestalde, Zuriñe Lopez Azkona ADEMGIko ordezkariak gogora ekarri duenez, gaurko ekitaldiak balio du "gaitzaren gainean gizartea kontzientziatzeko", eta diru-bilketa egiteko. Izan ere, esklerosia duten lagunek bizitza osorako gaixotasuna dute, eta Administrazio publikoek eskaintzen ez dituzten baina lagungarriak diren zerbitzuak behar dituzte, esaterako, logopedia eta fisioterapia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Getxo bideoak Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea albisteak Albisteak