Gizartea -

Memoria historikoa

Lau lagun zauritu dira Larrabetzun, frankisten gurutzea eraistean

Frankisten ikur erraldoia espero ez zen aldera erori da, eta ezustean harrapatu ditu han zeuden herritarrak.

Larrabetzu
Larrabetzu
Lau lagun zauritu dira Larrabetzun, frankisten gurutzea eraistean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau lagun zauritu dira gaur goizean Larrabetzuko gurutze frankista eraisteko lanetan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Larrabetzuko Udalak joan den apirilaren 26an erabaki zuen Gaztelumendiko ikur frankista erraldoia kentzea.

Gaur goizean, 10:30ean, bota dute behera, baina ezbeharra izan da, eta hainbat harri eraisketa-lanak ikustera bertaratu diren herritarren gainera erori dira.

Bi emakumezko eta bi gizonezko zauritu dira; horietako hiru Galdakaoko Ospitalera eraman dituzte, eta laugarrena, berriz, Gurutzetakora.

"Gurutzea aurreraka erori da alde batera erori beharrean"

Lau zaurituetako bik ospitalean jarraitzen dute, gurutzea aurreraka erori eta zatiekin zauritu ostean.

Iñigo Gaztelu alkateak azaldu duenez, bi emakumeak ospitalean daude oraindik, eta larrien dagoenak bi hanketako tibia eta peronea ditu puskatuta, eta litekeena da besteak arratsaldean jasotzea senda-agiria, hainbat mediku proba egin ondoren.

Kontua da gurutzea aurreraka erori dela, alde batera erori beharrean. Alde batetik egin diote tira erortzeko, baina aurreraka erori da hala ere.

EH Bilduko alkateak gogorarazi du Udalak enpresa pribatu bat eta segurtasun arduradun bat kontratatu zituela eraistea burura eramateko.

Elkartasuna zaurituei

Udalak herritarrei eraistearen leku izateko deia egin zien, eta segurtasun perimetroa ezarrita zegoen istripuak saihesteko.

Hala eta guztiz ere, oraindik argitzeke dauden arrazoiak medio, monumentua aurreraka erori da eta harri zatiek ikusleak zeuden tokiraino iritsi dira.

Prentsa ohar batean, Larrabetzuko Udalak "elkartasuna eta babes osoa" helarazi die zaurituei, eta "behar duten guztian" laguntzeko prest agertu da.

"Zoritxarrez, neurri guztiak beteta ere, istripua gertatu da", adierazi du Udalak ohar horretan.

Udal teknikariak eraisteaz arduratu den enpresako kideekin elkartuko dira zer gertatu den argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaiko albisteak Gizartea albisteak Frankismoa albisteak Gerra Zibileko biktimak Larrabetzuri buruzko albisteak