Gizartea -

Gertaera

Miguel Blesa hilda aurkitu dute, bularrean tiro baten zauria zuela

Caja Madrideko presidente ohia hilik agertu da, eta, ikertzaileen arabera, baliteke bere buruaz beste egin izana.

Miguel Blesa hilda aurkitu dute, Kordobako ehiza etxalde batean

1:30

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohia hilda agertu da, bularrean tiro bat zuela, Kordoban, ehizarako finka batean. Guardia Zibila aztertzen ari den hipotesi nagusiaren arabera, baliteke bere buruaz beste egin izana, ikertzaileek Europa Press albiste agentziari azaldu diotenez.

Blesa Kordobako Puerta del Toro etxaldean hil da gaur. Polizia iturrien arabera, finka horretako langile batek aurkitu du, eta osasun zerbitzuak ohartarazi ditu. Bertaratutako osasun langileek Miguel Blesaren heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin, 08:40an, eta heriotza ehizarako eskopeta batekin bularrean egindako zauriak eragin diola egiaztatu dute.

Etxaldean berarekin zeuden lagunen lehen testigantzen arabera, aparkatuta zuen autoa tokiz aldatzera zihoala esan die Blesak, eta, minutu batzuk geroago, langile batek aurkitu du hilotza.

Guardia Zibilaren polizia judizialak bere gain hartu du ikerketaren ardura.

Lehen zantzuek suizidioaren hipotesia indartu badute ere, ez dute baztertu istripua izan izana, Polizia iturrien arabera. Blesa etxe horretara joan ohi zen ehizara.

Bankari ohiaren heriotza ikertzeko ardura bere gain hartu duen epaileak baimena eman ondoren, Kordobako Auzitegiko Medikuntzako Institutura eraman dute gorpua autopsia egitera.

Blesa 70 urte betetzear zegoen (abuztuak 8), eta Auzitegi Nazionalak sei urteko kartzela-zigorra ezarri dion martxoan, Caja Madrideko black txartelak erabiltzeagatik eta, horien bidez, 436.688 euro xahutzeagatik. 1996tik 2010era bitartean izan zen Blesa Caja Madrideko presidentea.

Harekin batera, txartel horiek erabili zituzten beste 64 pertsona ere zigortu zituzten, besteak beste, Rodrigo Rato, Blesaren lekua hartu zuen gizona. Biek helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean, eta, horrela, kartzelara sartzea atzeratu zuten.

Floridan (AEB) banku bat erosteagatik kartzelatu zuten 2013an, behin-behinean, baina, 2,5 milioi euroko bermea ordaindu, eta aske utzi zuten, 24 ordu geroago.

Urte horretako ekainean berriro espetxeratu zuten, baina Probintzia Auzitegiak auzia baliogabetu zuen, eta berriro utzi zuen aske.

Blesak beste bi ikerketari aurre egin behar izan dio; bata, Caja Madrideko presidente izan zen garaian horren zuzendariek jasotako eskupekoak argitzeko auzian, eta, bestea, bere izena 'Panamako paperetan' agertu zelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken ordukoa Madril albisteak gaur