Gizartea -

Kordoba

Autopsiak baieztatu egin du Blesak bere buruaz beste egin zuela

Horretarako, Blesak bere esku zituen 15 armetako bat erabili zuen. Bihar bertan egingo dute haren aldeko hileta elizkizuna, jaioterrian.

Argazkia: EFE
Blesak bere buruaz beste egin zuela konfirmatu du autopsiak

1:36

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohiaren hilotzari egindako autopsiak baieztatu egin du bere buruaz beste egin zuela, bere errifle bat erabilita, ikertzaileek EFEri adierazi diotenez.

Hilotzean ageri diren zauriak bat datoz suizidioarekin, auzitegi medikuen iritzian, Europa Pressen arabera.

Blesaren gorpua Kordobako Medikuntza Legaleko Institututik atera eta Kordobako Las Quemadas beilatokira eraman dute. Bankariaren senideak eta lagunak bildu dira bertan, gorpua errausteko.

Iragarritakoa betez gero, bihar Blesaren jaioterrira eramango dituzte errautsak, Linaresera (Jaen), eta haren aldeko hileta elizkizuna egingo dute, lurperatu baino lehen.

Gertaeraren kontaketa

Europa Pressen arabera, ikertzaileen esanetan, bankari ohia gosaltzen ari zenean, mahaitik altxatu zen, autoa lekuz mugitu behar zuela esanez, aparkalekura joan zen, maletategia ireki, eta errifle bat hartu zuen.

Ondoren, autoaren aurrealdera joan zen, armaren ipurdia zoruan eta kanoia bularraren parean jarri, eta tiro egin zuen. Tiro bakarra egin zuen. Ondorioz, Caja Madrideko presidente ohiaren hilotzak kapotaren aurka jo zuen, eta lurrean etzanda geratu zen, gurpiletako baten ondoan.

Gertatutakoa argitzeko, ikertzaileek ingurua aztertu dute, eta etxean zeuden pertsonen testigantzak bildu dituzte. Finkak 1.600 hektarea ditu ehizarako, eta Sierra Morenan dago. Blesa hara joan ohi zen ehizatzera; D eta E baimenak zituen ehizan egiteko, eta 15 arma zituen bere izenean erregistratuta.

Blesa agertu den finkaren irudia. Argazkia: EFE

Blesa agertu den finkaren irudia. Argazkia: EFE

Blesa asteazkeneko 02:00etan heldu zen Puerto del Torora. Bere autoan joan zen, bakarrik. Gauean, atseden hartu, eta oso goiz gosaldu zuen, Rafael Alcaide bere lagun eta finkaren kudeatzailearekin (Sociedad Rozuelas del Valle SL enpresaren izenean dago). Autoa mugitu behar zuela esan zion lagunari. Langile batek topatu zuen bankari ohiaren gorpua geroxeago, ikertzaileek diotenez, eta 07:50ean deitu zuten 112 Larrialdietarako Zerbitzura.

Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusitik atzo adierazi zutenaren arabera, Blesaren gorpua auto baten barruan aurkitu zuen. Osasun langileek 08:40an baieztatu zuten hilda zegoela, toraxean tiro bat jasota. Peñarroya-Pueblonuevo udalerriko Lehen Auzialdi eta Instrukzio Epaitegiko epaileak bere gain hartu du gertatutakoa argitzeko ardura.

Eguerdian eman zuen epaileak gorpua altxatzeko eta Kordobako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramateko agindua. Aurretik, auzitegiko mediku bat eta Guardia Zibilaren Polizia Judizialeko agenteak bertaratu ziren, gertatutakoa ikertzera.

Blesa 70 urte betetzear zegoen (abuztuak 8), eta Auzitegi Nazionalak sei urteko kartzela-zigorra ezarri zion martxoan, Caja Madrideko black txartelak erabiltzeagatik eta, horien bidez, 436.688 euro xahutzeagatik. 1996 eta 2010 bitartean izan zen Blesa Caja Madrideko presidentea.

Argazkia: EFE

Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak Albisteak