Gizartea -

Auzitegi Nazionala

Villar eta semea baldintzarik gabe espetxeratu dituzte

Federazioaren diru-funtsari milioika euroko kaltea egitea egotzita espetxeratu dituzte.

Villar, atxilotuta. Argazkia: Efe
Villar, atxilotuta. Argazkia: Efe
Angel Maria Villar eta bere semea baldintzarik gabe espetxeratu dituzte

1:06

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe espetxeratu ditu Angel Maria Villar RFEF Espainiako Futbol Federazioko presidentea (dagoeneko Soto del Realeko espetxean dago) eta Gorka semea, Federazioaren diru-funtsari milioika euroko kaltea egitea egotzita, Estatuko Fiskaltza Nagusitik jakinarazi dutenez.

Era berean, Juan Padron Tenerifeko Futbol Federazioko presidente eta Espainiako Futbol Federazioko presidenteordea ere fidantzarik gabe espetxeratu dute, baina erakundearen idazkariari, Ramon Hernandez Baussouri, 100.000 euroko fidantza jarri diote espetxetik ateratzeko.

Atxilotuek gaur deklaratu dute Auzitegi Nazionalean, asteartean Soule operazioan atxilotu ostean. Federazioko diruaren kontura etekinak lortzea leporatzen diete laurei.

Auzitegi Nazionalak jakitera eman duenez, delituen larritasuna ikusita hartu du erabakia; izan ere, administrazio desleiala, iruzurra, dokumentuak faltsutzea eta partikularren arteko ustelkeriagatik epaituko dituzte, eta ihes egiteko aukera handiak zeuden "horien gaitasun ekonomiko handia kontuan izanda".

Epaileak autoan adierazi duenaren arabera, 2009an Villarrek sare bat osatu zuen Federazioaren diru publikoa eta pribatua bideratzeko, eta "klientelismoa" eginez, auzipetuek senideak kontratatzen zituzten, tartean hornidura kontratuak esleitzeko.

Epaileak 44 orriko autoan dio auzipetuek "eurak eta hirugarren batzuk aberasteko" borondatez jokatu zutela.

5 milioi euro 'sudur puntan' jartzen zitzaionerako

Autoan agertzen denez, ekainean, Jose Angel Pelaez Kantabriako Futbol Federazioko presidenteak Villarri esan zion Federazioko aurrekontutik 5.210.000 euro banatu gabe utzi zituela bere esku, "sudur puntan" jartzen zitzaiona egin zezan.

Pedrazek ustez komisioak kobratzeagatik eta Santa Monica taldearen negozioengatik galdetu die; izan ere, talde horrekin lotutako akordioak 51 milioi eurotik gorako kaltea eragin omen zion Federazioari.

Eroskeria

Sare honen burua Villar zela uste du epaileak, eta "administrazio gaitasuna gehiegikeriaz" erabili zuela, 1988tik Federazioko presidente zela baliatuta.

Hala, batetik, gehiegikeriaz jokatu omen zuen Zuzendaritza Batzordea izendatzeko (saritu egiten zituen leial jokatu zuten federazioetako presidenteak, eta betoa jartzen zien aurkariei), eta, bestetik, hautagaitzari mesede egiten zietenei onurak eskaintzen zizkien. Hala, Murtziako eta Kantabriako federazioak izan omen ziren onurak jaso zituztenak.

Horixe ondorioztatu dute sumarioan jaso dituzten Villarren, Padronen eta Javier Clemente entrenatzailearen arteko telefono elkarrizketetatik. Villar Jose Angel Pelaezi Txapeldunen Ligako finalerako sarrerak eskaintzen ageri omen da horietan.

Clementek ohartarazi zuen

Aipatu elkarrizketetan, Clementek Padroni esan zion Juan Luis Larrea, Espainiako Selekzioaren ordezkari eta Federazioaren diruzaina, kezkatuta zegoela Kantabriako Federazioari 300.000 euro eman behar zizkiolako Udalarentzat izango ziren futbol zelai batzuengatik, hau da, federazioarentzat izango ez diren futbol zelai batzuengatik. Padronek erantzun zion Villar berera zihoala, eta "bost axola" ziola federazioa.

Era berean, Clementek Padroni ohartarazi zion Villarrek botoak erosi zituela: "Botoak dira, erositako botoak. Arraioa Juan!… Erositako babesak… Amen esatea dirua eramateagatik".

Lagunarteko partiduak

Pedrazek uste du Sport Advisers SL Gorka Villarren enpresaren mesedetan jokatzen zuela Villar aitak. Hain zuzen ere, Espainiako Futbol Selekzioak jokatutako lagunarteko partidez aprobetxatu omen zen semeari negozioa emateko.

Espainiako selekzioak Hego Korea (2010 eta 2012), Venezuela (2011), Txile (2008, 2011 eta 2013), Mexiko (2010), Kolonbia (2011 eta 2017) eta Argentina (2009 eta 2011) kontra jokatu zituen partidak daude susmopean.

"Guztietan" atzematen omen da partida jokatu eta oso gutxira Gorka Villarren enpresaren zerbitzuen kontratazioa, eta batzuetan, Korearen, Venezuelaren edo Kolonbiaren kasuetan, Gorka Villarrek berak zuzenean parte hartu zuen partidaren negoziazioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola bideoak Gizartea albisteak Ustezko ustelkeria politikoa Ustelkeriaren mapa Albisteak