Gizartea -

Transfobia

Hazte Oir autobus transfobikoarekin eta hegazkin txiki batekin itzuliko da

Autobus polemikoa Madrileko kaleetan barrena ibiliko da irailean eta hegazkin txiki batek Estatuko hondartza guztiak zeharkatuko ditu abuztuan.

Igancio Arsuaga Hazte Oir elkarteko presidentea. Argazkia: EFE
Igancio Arsuaga Hazte Oir elkarteko presidentea. Argazkia: EFE
Igancio Arsuaga Hazte Oir elkarteko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hazte Oir elkarte ultrakatolikoaren autobusa Madrileko kaleetan barrena ibiliko da irailean, ordurako baitago aurreikusita Diputatuen Kongresuan LGTBI berdintasunerako legearen bozketa.

Igancio Arsuaga elkarteko presidenteak azaldu duenez, urte hasieran erabili zuten antzeko leloarekin bueltatuko dira, aldaketa batzuk egingo badituzte ere: 'Emakumezkoa bazara, emakumezko izaten jarraituko duzu' esaldia kendu egingo dute eta Unidos Podemosek Kongresuan aurkeztutako LGTBI legearen kontrako mezu zehatz bat gehituko dute.

"LGTBI mozal legearen kontrako sinbolo bilakatuko da autobusa; lege horren bidez, umeak beren sexu nortasuna zalantzan jartzera behartu nahi dituzte ikastetxeak", kritikatu du.

Autobusaz gain, hegazkin txiki bat ere erabiliko dute bere mezu polemikoa zabaltzeko. Abionetak Estatuko hondartza guztiak zeharkatuko ditu abuztuan eta mezua "zirraragarria" izango dela azpimarratu du. "Lege horren izaera totalitarioaz ohartarazi nahi ditugu gurasoak zein herritarrak", erantsi du.

Arsuagaren esanetan, "lege horren bitartez, LGTBI kolektiboaren dogmen kontrako argitalpenak bahitu nahi dituzte, medikuen lana galaraziko dute eta errugabetasun printzipioa desagerrarazi egingo dute".

Bestalde, Hazte Oir elkartea Cristina Cifuentes Madrilo erkidegoko presidentearen, Manuela Carmena Madrilgo alkatearen eta Concepcion Dancausa Espainiako Gobernuak erkidego horretan duen ordezkariaren kontra auzitegira jotzea aztertzen ari da.

Madrilgo Lurralde Auzitegiak bertan behera utzi zuen ostiralean autobusa geldiarazteko kautelazko neurria, elkarte ultrakatolikoaren helegitea aintzat hartuta. Alabaina, Hazte Oir elkartearen aurkako prozesu judizialak aurrera jarraitzen du oraindik.

Arsuagak azaldu duenez, auzia amaitzean erabakiko dute Cifuentes, Carmena eta Dancausa epaitegietan salatuko dituzte ala ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Homofobia Gaurko azken ordukoa Madril gaur LGTBI+ albisteak Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa