Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen emakume bat bortxatzea egotzita

Erasoa igande goizean jazo zen. Larunbatean beste emakume bati egin zioten eraso, etxeko atarian.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Gasteizen, emakume gazte bat bortxatzea egotzita, Polizia autonomikoak eitb.eus-i berretsi dionez.

Goizaldean atzeman dute gizona, biktimak erasoa salatu eta gero Ertzaintzak gertatutakoa argitzeko irekitako ikerketaren barruan. Salaketaren arabera, igande goizean izan zen bortxaketa.

Ertzaintzak muzin egin dio kasuaren inguruan datu gehiago emateari.

Horrez gain, gizonezko batek ukituak egin zizkiola salatu du 33 urteko emakume batek.

Gasteizko Udaltzaingoak azaldu duenez, eraso sexista larunbat goizaldean jazo zen, Lakubizkarra auzoan, emakumea etxeko atarian zegoela.

Erasotzailea atzetik, ezustean, azaldu zen eta emakumea igogailuan sartzear zegoela, ipurdia ukitu zion. Bultza eginez igogailutik kanpora bota zuen eta laguntza eske oihuka hasi zen. Gizonezkoa ihesi joan zen.

Udalaren eta Bilgune Feministaren bilkurak

Bestalde, Udalak eta Gasteizko Mugimendu Feministak elkarretaratzeak deitu dituzte astearte honetan aipatu bortxaketa salatzeko.

Udalaren mobilizazioa Plaza Berrian izango da, 11:00etan; eta Mugimendu Feministarena, Andra Mari Zuriaren plazan, 20:00etan, 'Erasorik ez erantzunik gabe!' lelopean.

Udalak jakinarazi du indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa abian jarri duela eta bere bitarteko guztiak biktimaren eskura jarri dituela. Gainera, asteartean, goizean goiz, bozeramaileen batzordeak bilera egingo du.

"Indarkeria matxistak giza eskubideak urratzen ditu eta lehen mailako arazo soziala da, emakumeen nahiz LGTBI kolektiboko pertsonen kontrako erasoa, fisikoa zein morala", dio Udalak ohar batean.

___________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Tratu txarrak Espainian Araba Salaketak berriak Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa