Gizartea -

Pizarra, Malaga

Autopsiak baieztatu du 3 urteko neskatoa buruan kolpea hartuta hil zela

Hipotesi nagusiaren arabera, umea noraezean ibil zen trenbidetik, eta atseden hartzeko gelditu ostean, tren batek kolpatu zuen. Halere, ez dute hipotesirik baztertu.

Guardia zibil bat, gorpua agertu zen lekuaren inguruetan. Argazkia: EFE
Guardia zibil bat, gorpua agertu zen lekuaren inguruetan. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazkenean desagertu eta atzo goizean hilik agertutako 3 urteko neskatoari egindako autopsiak baieztatu egin du buruko traumatismo handi baten ondorioz hil zela, Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiak zabaldu duenez.

Ostegunean egin diote autopsia umeari, Auzitegi Medikuntzako Institutuan. Ondoren, behin-behineko txostena idatzi dute, eta, horren arabera, "hiru urteko neskaren heriotza buruko traumatismo handi batek eragin du". Txostena Guardiako Epaitegira bidali dute jada, Malaga hiriburuko 13 zenbakiko Instrukzio Auzitegira, hain zuzen.

Epaitegi horrek gorpua sendiari ematea agindu du, eta, iturrien esanetan, 10 zenbakiko Instrukzio Auzitegiak ikertuko du heriotza, asteazkenean hori baitzen guardian zegoena.

Luciaren hilotza atzo goizeko lehen orduan aurkitu zuten, desagertu zen lekutik kilometro batzuetara, zehatz-mehatz, aldiriko trenaren trenbidearen ondoan, Alora udalerrian, buruan kolpea zuela.

Banderak masta erdian, Pizarran. Argazkia: EFE

Banderak masta erdian, Pizarran. Argazkia: EFE

Ikertzaileen arabera, gorpua eraman ostean, eta Guardia Zibilaren Auzitegiko Poliziak lekua aztertu ostean, umea noraezean ibili zen trenbidetik, eta, hiru kilometro inguru egin eta gero, atseden hartzera gelditu zen, eta  tren batek jo zuen. Halere, ez dute beste hipotesirik baztertu.

Hiru urteko neskatoaren omenezko hileta-elizkizuna gaur egingo dute, Alhaurin el Granden, familia bizi den herrian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia bideoak Gizartea bideoak Eguneko albisteak