Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat bi aldiz atxilotu dute Santurtzin, indarkeria matxista egotzita

Epailearen aurrean deklaratu ostean, horrek 23 urteko gizona aske uztea erabaki du. Ordu batzuk geroago, mehatxu egin dio bikotekideari, eta berriro atxilotu dute.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

23 urteko gizon bat bi aldiz atxilotu du Santurtziko Udaltzaingoak egun berean, bikotekideari mehatxu eta eraso egitea leporatuta. Bi gazteak Bizkaiko udalerri horretako hotel batean zeudela egin dio eraso neskari. Lehen aldiz atxilotu ostean, epailearen aurrean deklaratu du, eta horrek aske uztea erabaki du. Ordu batzuk geroago, berriro atxilotu dute, bikotekideari mehatxu egitea egotzita.

Santurtziko Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Udaltzaingoak 03:50ak aldera atxilotu du 23 urteko gizona, Murrieta etorbidean, emakumeen kontrako indarkeria delitua leporatuta.

Emakumeak udaltzainei azaldu dienez, udalerri horretako hotel batean zeudela gizonak eraso fisikoa egin dio.

Gizonezkoa atxilotu duten unean, emakumea kalean zegoen, eta jasandako eraso horren zantzuak zituen besoetan eta hanketan. Era berean, bikotekideak bere mugikorra puskatu diola esan die lekura hurbildu diren udaltzainei.

Arrazoi horregatik, emakumea erietxera eraman dute, eta gizonaren kontrako salaketa jarri nahi izan ez duen arren, hura atxilotu eta epailearen esku utzi dute.

Epailearen aurrean deklaratu ondoren, horrek 23 urteko gizona aske uztea erabaki du. Ordu batzuk geroago, 13:20ak aldera, Santurtziko Udaltzaingoak bigarren aldiz atxilotu du, bikotekideari mehatxu egitea leporatuta, eta epailearen esku utzi dute.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Santurtzi bideoak Azken ordukoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak argazkiak Gaurko azken orduko albistea