Gizartea -

Portugal

Bilbora iritsi dira Madeiran harrapatutako euskal turistak

Larunbatean Bilboko aireportura itzuli behar ziren 54 bidaiariek Madrilera joateko hegaldia hartu dute eguerdian, eta dagoeneko Bilbon dira.

Iluntzean iritsiko dira Bilbora Madeiran harrapatutako euskal turistak

1:35

Erredakzioa | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatean Bilboko Aireportura itzuli behar ziren 54 euskal turistak Bilbora iritsi dira dagoeneko. Loiura ekarri behar zituen hegaldia bertan behera geratu zen haizete gogorren ondorioz asteburuan, eta ordutik Madeiran egon behar izan dute. 20:45 aldera ailegatu dira Bilbora.

Kaltedunetako batek, Vanesa Lorenzok, Radio Euskadin azaldu duenez, Air Nostrumek (Iberiak eskualdeen arteko hegaldietarako frankizian duen konpainia) "botata" utzi ditu, larunbatetik ez baitie apenas Euskal Herrira itzultzeko aukeren inguruko informaziorik eman.

Gaur goizean, euskal bidaiariek ez dute antolatutako hegaldien berri zehatzik izan, Lorenzok azaldu duenez. "Bakoitza bere bidaia-agentziarekin moldatu behar izan da. Iberiak ez daki non gauden, ezin da gurekin harremanetan jarri. Gu geu ibili behar gara deitzen; maletak eginda ditugu, edozein unetan joateko prest", zehaztu du Lorenzok.

Azkenean, 12:15ean Madril helmuga duen hegazkin batean kokatu dituztela jakinarazi diete bidaia-agentziek goizean. Estatuko hiriburutik Bilbora etortzeko hegazkina arratsaldean hartu dute, Lorenzok Europa Press agentziari zehaztu dionez.

Astelehenetik, ia berririk gabe

Horren hitzetan, larunbatean hoteletara eraman zituzten autobusez. Konpainiaren ordezkari baten arabera, bertan izango ziren beste hegaldi bat eskaintzeko modua izan arte, eta bi gau erreserbatu zizkien. "Astelehenean hotela utzi behar genuela esan ziguten, ez zeukatela guretzako lekurik", gaineratu du bidaiariak.

Air Nostrumekin harremanetan jartzen saiatu ziren orduan, baina alferrik. "Bakoitzak bere kontura bilatu behar izan du hotela", kritikatu du.

Gertatutakoaren aurrean, erreklamazioa aurkeztekoak dira 54 bidaiariak.

Haize-bolada gogorrak izan dira egunotan Madeiran. Asteburuan, hainbat hegaldi utzi zituzten bertan behera, eta 15.000 turista daude bertan etxera bueltatu ezinda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Loiuko Aireportua Bizkaiko albisteak Gizartea albisteak Albisteak Portugal albisteak