Gizartea -

Madrid

Erizain laguntzaile bat atxilotu dute Alcalan gaixo bat hiltzea egotzita

86 urteko emakume bati zainetan airea sartzea egotzi diote. Alcala de Henaresko Ospitaleko langilea atxilotu egin dute, hilketa delitua egotzita.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alcala de Henaresko Asturiasko Printzeak Ospitalean lan egiten duen erizain laguntzaile bat atxilotu dute, 86 urteko gaixo bat zainetan airea sartuta hil duelakoan.

Madrilgo Erkidegoko iturriek Eferi baieztatu diotenez, gertaera iragan ostegunean gertatu zen. Langilea atxilotu egin dute, hilketa delitua leporatuta.

Polizia Nazionalak bere gain hartu du ikerketa, eta epaileak sumarioa sekretupean ipini du, El País-ek gaur, osteguna, aurreratu duen albistearen arabera.

Alcala de Henaresko 2 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko buruak atxilotua espetxera bidaltzea erabaki zuen astelehenean, fidantza barik, baina ez inkomunikatuta.

Atxilotuari hilketa delitua egitea egotzi diote, zigor hori "geroago alda daitekeen arren, epaitegiko instrukzioak agindutako ikerketak aurrera egin ahala", zehaztu du Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak.

Alcala Mecon espetxeratu dute, emakumeentzako moduluan.

Aurretik aipatutako 86 urteko emakumezkoaren hilketaz gain (El País-en albistean jaso dutenez), Polizia Alcala de Henaresko Ospitalean izandako beste gertaera batzuk ere ikertzen ari da. Horiek atxilotua lanean zegoen bitartean gertatu ziren, eta modu arraroan hildako beste gaixo baten kasua aurkitu dute orain arte.

Alcala de Henaresko 2 zenbakiko Instrukzio Epateigiak uko egin dio gertatutakoa ikertzeari, eta 4 zenbakiko Instrukzio Epaitegiari igorri dio hark egin dezan instrukzio lana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak azken ordukoa Espainia bideoak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea Madril gaur Erizaintza gaur