Gizartea -

Ondarroa

Etxera itzuli dira Kamiñaldeko beste 33 familia

Oraindik zazpi familia geratzen dira etxera itzuli ezinda, 2016ko martxoan luizia izan zenetik, eta 2018ko urtarrilean itzuli ahalko direla espero dute.

Kamiñalde. Argazkia: EiTB
Kamiñalde. Argazkia: EiTB
Ondarroako Kamiñalden beste 33 familia etxera itzuli dira

1:47

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ondarroako beste 33 familia etxera itzuli dira 2016ko martxoan Kamiñalden izandako luizia gertatu zenetik kanpoan egon ostean, Udalak jakitera eman duenez.

Kamiñaldeko mendi-hegalean izandako luiziaren ondorioz, 176 familia etxetik atera zituzten. Poliki-poliki, etxera itzuli dira, hegala egonkortu eta etxebizitzak konpondu eta gero, baina oraindik zazpi familia daude etxetik kanpo.

Udalak espero du oraindik etxearen barrualdean kalteak dituzten zazpi familia horiek urtarrilean sartu ahal izango direla etxean. Izan ere, terrazak eta eraikinaren aurrealdea urrirako egongo omen dira konponduta.

Zunbeltz Bedialauneta alkateak esan du Udala pozik dagoela aurreikuspenak betetzen ari direlako, eta gutxinaka San Inazio kaleko bizilagunak etxera itzultzen ari direlako.

Dena dela, herritar gehienak itzulita ere, oraindik lan guztiak ordaindu gabe daude. "Kamiñaldeko hegala egonkortzeko lanak bideratzea lortu dugu, baina lan guztiak ordaintzeko dirua falta zaigu oraindik", azaldu du alkateak.

Ondarroako Udala kezkatuta dago diru gabeziagatik eta Bizkaiko Aldundiarekin eta bankuekin pilatu duen zorragatik; izan ere, bost milioi euroko mailegua eskatu behar izan du, urte osoko aurrekontuaren erdia.

"Dirua behar dugu udalerriarentzat oso garrantzitsuak diren proiektuak martxan jartzeko", adierazi du Bedialaunetak.

Hori dela eta, Udalak hurrengo urteko aurrekontuetan Ondarroa kontuan izateko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, aurtengoetan "Ondarroarentzat ez baita partidarik izan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Ondarroa Albisteak Harri-jausiak Lea-Artibai gaur