Gizartea -

Andramaixak

Adin txikiko batek sexu erasoa salatu du Azkoitiko jaietan

Gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu dute Sustraiak Moretzen eta Sostenikpe talde feministek astelehenean, abuztuak 21, 19:30ean Azkoitiko plazan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adin txikiko batek salaketa bat aurkeztu du Ertzaintzaren polizia-etxean, Azkoitiako (Gipuzkoa) Andra Mari jaietan sexu erasoa jasan zuelako.

Neskatoak jarritako salaketaren arabera, larunbat goizaldean pairatu zuen erasoa. Arrazoi horregatik, salaketa jartzeko Ertzaintzako polizia-etxera hurbildu zen.

Une horretan, gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak.

Salatutako sexu erasoa gaitzetsi du Udalak

Azkoitiko Udalak adin txikiko batek salatutako erasoa gaitzetsi du. Ildo horretatik, "eraso matxista guztiak salatzen eta arbuiatzen" dituela nabarmendu du udal webgunean kaleratutako ohar batean. Javier Zubizarreta udalerri horretako alkateak gogora ekarri duenez, "erakundeok eta gizarteak garbi esaten dugu: Ez beti da ez!". Era berean, "biktimaren eta bere familiaren intimitatearekiko errespetu osoa" eskatu du Udalak, familiak "espreski adierazi duelako kasua diskrezio osoz eraman nahi duela".

Alabaina, "erasoak hor jarraitzen" dutela gaitzetsi du Zubizarretak, eta arazo horri aurre egin ahal izateko "guztiok bat eginda borrokatu" beharra dugula nabarmendu du. "Ez Azkoitian ez beste inon, ez orain ez inoiz, ezin da baimendu gabeko harremanik eman", esan du.

Halaber, Udalak "bere esku dagoen laguntza eta baliabide guztiak" eskaini dizkio neskatoari, eta "indarkeria matxista desagertzen den arte lanean jarraitzeko konpromisoa" berretsi du.

Geroago, Azpeitiko Udalak  beste agiri bat kaleratu du, neskatoa azpeitiarra baita. Azpeitiko Udalak eraso sexista gaitzetsi du, eta "babes osoa" adierazi die "biktimari, bere familiari eta ingurukoei". Halaber, "bere esku dauden baliabide guztiak haien esku" jarri dituela jakinarazi du, eta "garbi eta garbi" utzi du Udalak ez duela onartzen eta ez duela onartuko "inolako erasorik ez hemen eta ez inon".

Elkarretaratzea deitu dute astelehenerako

Sexu eraso horren aurrean, gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu dute Sustraiak Moretzen eta Sostenikpe talde feministek astelehenerako, abuztuak 21, 19:30ean Azkoitiko plazan.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak haurrak Indarkeria matxista Gaurko albisteak Gipuzkoa EAE Indarkeria matxistaren biktimak Azkoitia albisteak Eguneko albisteak