Gizartea -

Polemika

Hontzak: ‘Umoreari ezin zaio inolako mugarik ipini’

Bilboko konpartsaren arabera, “sineskeria indibidualak ezin dira oinarrizko eskubideen gainetik egon, adierazpen askatasuna kasu”.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hontzak Bilboko konpartsak ohar bat kaleratu du sare sozialen bitartez, taldeak Bilboko jai eremuan duen txosnaren dekorazioak zabaldutako polemikaren harira.

Gaur goizean, hainbat ertzainek “Vatikanoko harategia” lana kendu dute Hontzak konpartsaren txosnatik. Lanak Jesus gurutziltzatua irudikatzen du Vatikanoko kupularen azpian, berorren okela zatiak irudi batean sailkatuta dituela, eta “Har ezazue eta jan guziok honetatik, hau nire gorputza da eta” leloa erakusten du.

Bilboko Gotzaintzak salaketa jarri zuen atzo arratsaldean epaitegian, eta epaileak irudiak kentzea eskatu dio Ertzaintzari, gaur goizean egin duenez. Horren aurrean, testu hau kaleratu du konpartsak:

“Hontzak Konpartsaren txosnaren dekorazioak sortutako iskanbilaren harira, honako hau adierazi nahi dugu:

Gure nahia desobedientzia zibil eta adierazpen askatasunezko ariketa praktiko bat egitea izan da (eta momentura arte lortu dugu) espainiar zigor-kodearen parte den “sentimendu erlijiosoen aurkako delitua” delakoaren kontra. Umoreari ezin zaio inolako mugarik ipini eta hori da ariketa honekin aldarrikatzen ari garena.

33 urteko gazte baten haragi jan eta odol edanaren erritu magiko eta kanibalaren simulazioa eszenifikatzen duten performancearen antolatzaileei pertsona batzuoi horrek barre eragin zigukeela uler zezaketela uste genuen. Eldarniozkoegia iruditzen zitzaigun benetan ari zirela sinisteko.

Hontzaken parte garenoi ere ez zaigu gehiegi gustatzen udaberrian antolatzen duten jai hori, non txanodun batzuk jendaurrean paseatzen duten, eta umeen aurrean, jende askoren sentikortasuna irain dezaketen panpin makabro eta odolduak. Baina adierazpen askatasunezko ariketa dela ulertzen dugu. Pertsona horiek emakumeak gutxiestea, askatasun sexualaren kontra egitea eta jenero aniztasuna gaitzestea ere adierazpen askatasun gisa ulertzen dugu. Nahiz eta ez dugun ulertzen non dauden adierazpen horien txiste edo alde dibertigarriak. Honengatik, horrenbeste iraintzen duen jende hori bere buruaz apur bat barre egitera animatzen dugu, beren bizi ereduan asko baitira burla arrazoiak.

Sineskeria indibidualak ezin dira oinarrizko eskubideen gainetik egon, adierazpen askatasunaren kasu.

Mindutako jendeari aholku bat emanez amaituko dugu, esanez, ez badutela nahi inork beren sinesmenei barre egitea, ez ditzatela hain sinesmen barregarriak izan edo, gutxienez, publikoki ez erakustea. Baina, egin nahi badute, utz diezaietela beste pertsona batzuei gogoak ematen dien legez iritzia ematen. Bestalde, pertsona helduek lagun ikusezinak izatea zentzuduna den ausnartzera bultzatzen ditugu, eta, gainera, besteok serio hartzea nahi izatea.

GORA ASTE NAGUSIA!! GORA MARIJAI!!”

Aburtok “errespetua” eskatu du

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi du pertsonen “errespetuaren” eremuan “irmo” jokatu behar dela, eta errepikatu du ez zaiola “batere” gustatu konpartsa batek bere txosnan Gotzaintzak “biraotzat” hartzen dituen irudiak erakustea.

Aburtok errepikatu du dekorazioa ez zaiola “batere” gustatzen, eta azpimarratu du Bilbo, “hiri askotariko eta plurala”, bisitatzen duenak “bere sentimenduak adierazi ahal izatea eta aske sentitu ahal izatea” dela garrantzitsuena, “batzuek besteen pentsamoldeak gutxietsi egiten dituztelako irainduta edo deseroso sentitu beharrik gabe”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Bilbo berriak Gizartea Gaurko azken ordukoa