Gizartea -

Atentatua Bartzelona

Forn: 'CIAren agiria faltsua da'

Traperok baieztatu du Mossoek eta Polizia Nazionalak duten lehen harremana atentatuen biharamunean izan zela, hain zuzen, CITCOtik Mossoen Informazio buruari deitu ziotenean.

Forn, prentsaurrekoan. Iturria: EiTB
Forn Barne kontseilariak dio CIAk ez ziela Rambletako erasoaz ohartarazi

1:32

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilariak ziurtatu duenez, El Periodicok argitaratutako CIAren agiria "faltsua da".

Fornek, ostegunean emandako prentsaurreko batean,  Esquadra Mossoen izenaren aurkako kanpaina salatu eta kritikatu du "arduragabekeria" dela segurtasunaren inguruko informazioa argitaratzea.

Bestalde, Josep Lluis Trapero Mossoen buruak ziurtatu duenaren arabera, "ez dugu inolako agiririk jaso CIAren aldetik". Gainera, esan duenez, "egunkari honek CIA esan du hasieran, eta -AEBko- terrorismoaren aurkako inteligentzia zentroa, esandakoa zuzendu ondoren".

Traperok baieztatu du Mossoek eta Polizia Nazionalak duten lehen harremana atentatuen biharamunean izan zela, hain zuzen, Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentrotik (CITCO) Mossoen Informazio buruari deitu ziotenean.

Fornen arabera, azken hilabeteetan "dozenaka abisu jaso dituzte, Kataluniako zenbait puntutan atentatuak izateko arriskua zegoela ohartarazteko, eta otoi egiteko zentroak, azpiegiturak, kontzertuak eta jendetza pilatzen diren lekuak dira, besteak beste, Ramblak eta Familia Santua". Denak aztertu zituzten eta Ramblen ingurukoari sinesgarritasun gutxi eman zioten.

Mossoek azaldu dutenez, Rambletan egon litekeen atentatu baten alerta jaso zuten, maiatzaren 25ean; baina ondorioztatu zuten 'sinesgarritasun oso txikia' zuela alerta hark, eta Estatuak ere hala uste zuen; hortaz, aldez aurretik jasotako abisuek ez zuten inolako zerikusirik izan abuztuaren 17an izandako eraso terroristarekin.

"Udalak ez zuen abisurik jaso"

Beste alde batetik, Ada Colau Bartzelonako alkateak ostegun honetan ziurtatu duenez, Udalak ez zuen Rambletan izan zitekeen atentatuaren inguruko abisurik jaso. Alabaina, beste kasu batzuetan poliziak atentatu bat izateko aukerak zeudela ohartarazi ziela baieztatu du, eta kasu horietan neurri zehatzak hartu zirela nabarmendu du.

"Generalitatearekin eta Espainiako Estatuarekin koordinatuta lan egin du beti Udalak, Katalunian izandako bi eraso terroristen ostean ere", azpimarratu du Colauk. Hala, baieztatu gabe dauden hipotesiak zabaldu ez ditzaten eskatu die herritarrei,  politikoei eta hedabideei.

"Estatuak eta Generalitateak Udalari abisatzea erabaki ez bazuten, sinesgarritasunik ematen ez ziotelako zela pentsatu nahi dut", nabarmendu du Bartzelonako alkateak, Rambletan atentatu bat izateko ustezko abisuaren inguruan.

CIAk uko egin dio adierazpenak egiteari

CIAko bozeramaile batek uko egin dio horren inguruko azalpenak emateari, eta ez du adierazpenik egin nahi izan Rambletan atentatua egiteko asmoa zutela ohartaraziz Esquadra Mossoei txostenik eman zioten edo ez.

El Periodicoren esklusiba

Esquadra Mossoek, Estatuko segurtasun indarrek eta CNIk CIAren abisua jaso zuten maiatzean, Estatu Islamikoak (EI) Katalunian "Rambletan, zehatz-mehatz", atentatua egiteko asmoa zuela ohartaraziz, terrorismoaren aurkako borrokako iturriek EFEri baieztatu diotenez, El Periodicok albistea argitaratu ostean.

El Periodico de Cataluña egunkariak plazaratu du gaur, osteguna, informazioa eta, aipatutako iturrien arabera, Polizia Nazioanalak Manel Castellvi Mossoen Informazioaren burua jarri zuen jakinaren gainean.

AEBko Inteligentzia zerbitzuen oharraren arabera, "2017ko maiatzaren amaierako baieztatu gabeko informazioaren arabera, Irak eta Siriako Estatu Islamikoa (ISIS) zehaztu gabeko ekintza terroristak prestatzen ari zen udan egiteko, Bartzelonako gune turistiko jendetsuen aurka, bereziki Rambla kalean".

Julian Assange eta Wikileaksen zalantzak

Julian Assangek eta Wikileaksek zalantzan jarri dute El Periodicok argitaratutako agiria benetakoa ote den, sare sozialetan zabaldu dutenaren arabera.

Gaztelaniaz erabili ohi diren markak agiriaren testuan, ustez CIAk ingelesez idatzita, eta inteligentzia zerbitzuek erabili ohi ez dituzten hitz batzuek ezbaian jarri dute mezua egiazkoa ote den.

Hala, "ISIS idaztea (hedabideetan erabilia) ISIL (inteligentzia zerbitzuek erabili ohi dute) beharrean"; "Irak" (gaztelaniaz) "Iraq"en ordez (ingelesez); "Nota", "Notice" idatzi beharrean etab. Hori dela eta, agiria "oso susmagarria" dela esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona Estatu Islamikoa Jihadismoa albisteak Gaurko azken orduko albistea