Gizartea -

Ikasturte hasiera Iparraldean

Lanbide Heziketa euskaraz eskainiko du Seaskak, lehen aldiz

Guztira, 40.000 ikaslek ekingo diete eskolei irailaren 4 honetan. Baionan lizeo berria estreinatuko du Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak.

Lizeo berriko lanak. EiTB
Baionako Lizeoa.
Lizeo berria estreinatu du Baionan Seaskak gaur

1:16

NEREA OLASO | Euskadi Irratia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herrian gaur, astelehenarekin, abiatuko dute ikasturte berria 40.000 ikaslek. Aurten bada berrikuntza nagusi bat: Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak lizeo berria zabaldu du Baionan, eta bertan arituko dira 300 bat gazte, zenbaitzuk Lanbide Heziketan (LH) eta euskaraz lehen aldiz.

Irakaskuntza elebidunak gero eta ikasle gehiago ditu Ipar Euskal Herrian. Eskola publikoko sare elebidunean 5.800 ikasle arituko dira ama eskolan eta lehen mailan (maila horretako eskolaratzea osoaren herena), eta 1.000 bigarren mailan.

Seaskako ikastoletan 3.700 ikasle izango dira. Irakaskuntza pribatu katolikoari dagokionez, 2.300 ikasle baino gehiago ibiliko dira sare elebidunean.

Hala, guztira, 12.000 ikaslek baino gehiagok ikasiko dute euskaraz hiru lurraldeetan.

Bernat Etxepare lizeo berria

2017-2018 ikasturteak izango du berrikuntzarik, Baionan lizeo berria zabalduko baitu Seaskak. Aurten 300 ikasle izango dira sail orokorrean eta teknikoan: 280 ikasle orokorrean eta 25 LHn.

10 milioi euroko inbertsioa eginda, 7.000 metro karratuko eraikina du Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak. Lehen aldiz, Lanbide Heziketa (LH) eskainiko du, euskaraz eta hiru sailetan: komertziala, soziala eta teknologikoa.

Pascal Indo Seaskako presidenteak nabarmendu duenez, "Lanbide Heziketako formakuntza berriak euskaraz eskainiko ditugu azkenean Iparraldean ere. Pozten ahal gara".

Bada beste berrikuntzarik. Bokalen ikastola berria zabaldu dute aurten. Zentro txikia baina sinbolikoa da, ofizialki ez baita euskal lurraldea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Iparraldea argazkiak Baiona Maule argazkiak Donibane Garazi argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 LH azken ordukoa