Gizartea -

Gipuzkoako Auzitegia

Gipuzkoan droga trafikoagatik egindako epaiketa handiena atzeratu dute

2011n ia 700 kilo kokaina atzeman zituzten Zumaiako portuan, belaontzi batean. Bederatzi auzipetu daude, eta bat ez da epaiketara azaldu. Horregatik atzeratu dute.

Kokaina belaontzi batean atzeman zuten, Zumaian. EiTB
Droga Zumaiako portuan. EiTB
Kokaina belaontzi batean atzeman zuten, Zumaian. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoan droga trafikoagatik inoiz egin den epaiketa handienetarikoa atzeratu behar izan dute gaur, akusatuetako bat azaldu ez delako. Irailaren 22an ekingo diote saioari.

2011n Zumaian porturatutako belaontzi batean ia 700 kilo atzeman zituen Zerga Agentziak eta nazioartean aritzen zen droga trafikoko talde bat desegin zuten. Gaur zen hastekoa auziko bederatzi akusatuen epaiketa, baina horietako bat azaldu ez denez, epaiketa atzeratzea erabaki du Gipuzkoako Auzitegiko presidenteak.

Akusatuaren abokatuak azaldu duenez, gizonak gaixotasun terminal larri bat du, eta ekainaren 30etik ezin izan da berarekin kontaktuan jarri. Abokatuaren hitzetan, "hilda" egon daiteke.

Horren aurrean, Gipuzkoako Auzitegiak gizona bilatu eta atxilotzeko agindua eman du.

Iheslea aurkitu bitartean baliabide guztiak "agortu" nahi dituztela esan dute, eta hortaz, irailaren 20ra arte luzatu dute epailearen aurrean jartzeko epe-muga, epaiketa justu bat bermatzeko eta epaiketan luzapenak saihesteko helburuarekin.

Neurri horrek, aldi berean, pertsonen askatasun eskubidea aintzat hartzen du, espetxean lau urte luze baitaramatza auzipetutako beste batek, eta bere abokatuak ahozko ikustaldia lehen bai lehen egitea nahi duelako.

Auzipetuak zazpi gizonezko eta bi emakumezko dira, eta Fiskaltzak droga-trafiko bidezko kapitalak zuritzea egotzi die.

Ministerio Publikoak 3 eta 27 urte arteko kartzela-zigorra eskatu du auzipetuentzat, kasuan kasu, osasun publikoaren aurkako, gaizkileen taldea osatzeko eta kapitalak zuritzeko delituak egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Drogak argazkiak Epaiketak argazkiak Gizartea Gaurko azken orduko albistea