Gizartea -

2015ean egin zituen

8 urteko zigorra gazte bati, bi umeri sexu abusuak egiteagatik, Gasteizen

21 urte zituen delituak egin zituenean. Kartzela-zigorraz gain, 48.000 euro ordaindu beharko ditu. Aldeek ez dutela helegiterik aurkeztuko; beraz, epaia irmoa da.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Probintzia Auzitegiak 8 urteko zigorra ezarri dio gazte bati, 8 eta 11 urteko bi umeri sexu abusuak egiteagatik. Erasoak Gasteizko herritarrentzako zentro bateko komunetan gertatu ziren, 2015ean. Gaur, epaile aurrean, akusatuak errudun jo du bere burua.

Gaur ahozko ikustaldia egitekoak ziren, baina azkenean ez da egin, fiskalak eta akusatuaren defentsak akordioa adostu baitute.

Fiskaltzak 20 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen bere garaian, gazteak 21 urte zituenean, 2015ean, erasoak egin zituenean, hain zuzen. 13 urte baino gutxiagoko umeei sexu-abusuak eta sexu-erasoak egin izana egotzi zizkioten orduan.

Gaurko ahozko ikustaldian, aldiz, Fiskaltzak akusazioaren idazkia moldatu du, eta 8 urteko kartzela-zigorra (4 urtekoa delitu bakoitzeko) eskatu du adin txikikoei sexu-erasoa leporatuta. Fiskaltzak gaztearen % 41eko adimen-minusbaliotasuna eta erasoa onartu izana hartu ditu kontuan zigorra murrizteko.

Kartzela-zigorraz gain, hasieran 13.000 euro eskatu bazituzten ere, azkenean 48.000 euro ordaindu beharko ditu.

Auzitegiko presidenteak gogoratu duenez, erasoak 2015ean gertatu ziren, Gasteizko El Pilar herritarrentzako zentroan. Akusatua bertara joaten zen adingabeekin harremanetan hasteko.

Kartzela-zigorraz eta erantzukizun zibilaz gain, akusatuak debekatuta izango du datozen hamar urteotan adin txikiko horiengana hurbiltzea eta beraiekin harremanetan jartzea.

Aldeek ez dute helegiterik aurkeztuko; beraz, epaia irmoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Delituak bideoak Epaiketak Gasteiz berriak Albisteak