Gizartea -

2017ko mahats-bilketa

Ekoizpena jaitsi den arren, mahats bikaina espero dute Arabako Errioxan

Karra Elejalde aktore gasteiztarrak egin ditu pregoilari lanak Mahats-Bilketaren Festan, eta bera izan da 24. edizioaren muztioa dastatzen lehena.

Ardoarekin topa egiteko eguna Arabar Errioxako Ekora herrian

0:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan Arabako Errioxako Mahats-Bilketaren Festa hartu du Ekorak (Araba). Mahats uzta inoiz ez bezala aurreratu den arren, apirilean izandako izozteen eraginez ekoizpenak behera egingo duela uste dute lurraldeko ekoizleek. Dena dela, aurtengoa mahats bikaina izatea espero dute.

300 bat bizilagun dituen herriko kaleak txiki geratu dira gaur, milaka pertsona hurbildu baitira ardoa ekoizten duen Arabako Errioxako herri horretara. Arabako hego-ekialdean kokatuta dago Ekora, Gasteiztik 50 bat kilometrora, Logroñotik gertu eta ia Nafarroako mugan.

Urtero bezala, mahatsa zapaldu eta lehen muztioa dastatu dute Ekorara hurbildu diren lagunak. Iñigo Urkullu lehendakaria, Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidentea ere izan dira bertan, beste erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkari batzuekin batera.

Karra Elejalde aktore gasteiztarrak egin ditu pregoilari lanak, eta bera izan da 24. edizioaren muztioa dastatzen lehena. 2009an Arabako Errioxako ardoaren enbaxadore izendatu zuten. Aurten egitarau zabala prestatu dute, eta gazte zein helduentzako jarduerak izan dira: musika eta dantza taldeen emanaldiak, haurrentzako jolasak, kalejirak edota herri-kirolen erakusketa.

Lurraldeko ekoizleek eta Arabako Foru Aldundiak mahats-bilketa oso oparoa espero dute aurten.

Dena dela, apirilaren 28an inguruan izandako izozteek eragina izan dute eta ekoizpenak zertxobait behera egingo duela uste dute. Mahats uzta inoiz ez bezala aurreratu da, eta mahats-bilketa irailaren azken astean edo urriaren lehen astean amaitutzat ematea aurreikusi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gastronomia azken ordukoa Araba Euskadi bideoak EAE albisteak Gizartea Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa Arabako Errioxa Eusko Label Arabako Errioxako kuadrilla