Gizartea -

Iruñea

Entzierroak ikusteko balkoiekin iruzur egitea egotzi diote gizon bati

Dirudienez, turistei zezenketak ikusteko sarrerak ere eskaintzen zizkien, baina ez zizkien ematen eta aldez aurretik kobratzen zituen. Guztira 3.000 euro inguruko iruzurra egin omen du.

2017ko sanferminetako entzierro baten irudia. EFE
2017ko sanferminetako entzierro baten irudia. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoko agenteek gutxienez hamar turistari sanferminetako entzierroak ikusteko balkoiekin iruzur egin izana leporatu diote Iruñeko bizilagun bati.

Turistei zezenketak ikusteko sarrerak ere eskaintzen zizkien, baina ez zizkien ematen, eta aldez aurretik kobratzen zituen. Gizonezkoak 51 urte ditu eta irlandarra da.

Foruzaingoak larunbat honetan emandako informazioaren arabera, atzerritar batek jarritako salaketari esker izan zuten gertatutakoaren berri. Horren arabera, 500 euro ordaindu zituen urtarrilean, sanferminetako bi entzierro ikusteko, Estafeta kaleko lehen pisu bateko balkoitik.

Sanferminetara emaztearekin iritsitakoan, etxebizitzako bizilagun batek esan zien litekeena zela iruzurra jasan izana, aurreko egunetan kanpotar gehiago bertaratu zirelako etxe horretan gauza bera esaten.

Salaketa jasotakoan, Foruzaingoak webgunea ikertu zuen, jabea identifikatu ahal izateko. Azkenean, identifikatu egin dute, Facebookeko profilarekin bat datorrelako.

Agente autonomikoek gutxienez hiru salaketa jaso dituzte, eta biktima guztiak kanpotarrak dira. Horrek asko zaildu du ikerketa.

Guztira 3.000 euro inguruko iruzurra egin omen die biktima bakoitzari ustezko iruzurgileak, entzierroa balkoi batetik eta zezenketak plazan ikusteko sarreren prezioa gehituta. Halere, Foruzaingoak oraindik ez du baztertu salaketarik jarri ez duten biktima gehiago egotea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Nafarroako albisteak Delituak azken ordukoa Sanferminak Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea