Gizartea -

Gipuzkoa

Sexu-erasoa egin eta telefonoa lapurtu diote neska bati Errenterian

Bikotekide ohia (19 urteko mutikoa) atxilotu eta espetxera bidali dute. Erasoa aurreko astean izan zen, biktimaren etxebizitzako atarian.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 19 urteko gazte bat atxilotu zuen Errenterian ostegunean, herri horretako etxebizitza batean neska bati sexu-erasoa egitea leporatuta.

Erasoa, biktimak Ertzaintzaren aurrean jarritako salaketaren arabera, asteazken gauean gertatu zen.

Neska etxeko atariko atea irekitzen ari zela, bere bikotekide ohiak hartu eta etxebizitzan sartzera behartu zuen. Ondoren, mutilak sexu-erasoa egin zion biktimari, eta, gainera, telefono mugikorra lapurtu zion gertatutakoa salatu ez zezan. Biktima Donostia Ospitalean artatu zuen auzitegiko mediku batek.

Errenteriako ertzain-etxeko agenteek ikerketa abiarazi zuten, ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotzeko.

Hala, ostegun gauean atxilotu zuten, sexu-erasoa egitea egotzita. Beharrezko eginbideak bukatutakoan, epailearen aurrera eraman zuten, eta horrek espetxeratzeko agindua eman zuen.

Gipuzkoako Batzarren eta Udalaren salaketa

Gipuzkoako Batzar Nagusiek "argi eta garbi gaitzesten dute Errenterian emakume bati ostegunean egindako sexu-erasoa, eta elkartasuna eta babesa agertzen dizkiete erasoa jasan duen emakumeari eta haren senide eta gertukoei".

Hedabideei igorritako ohar batean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek "emakumeen eta beren familia-ingurunearen aurkako indarkeriaren agerpen guztiak gaitzesten dituzte. Lehen mailako arazotzat jotzen dugun indarkeria matxista da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun bidegabeen agerpenik larriena eta berauen arteko botere-harremanetan du jatorria, emakumeak mendean mantentzeko helburua duelarik".

Bestalde, Udalak ere "erabat" gaitzetsi du erasoa, eta laguntza eskaini dio biktimari. Era berean, eraso matxistak salatzeko deia egin die herritarrei.

Bereziki, gaur arratsaldean, 19:30ean zumardian egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu die. Bertan, manifestazioa egingo dute Feministen Mugiemnduak deituta.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Albisteak Gipuzkoa Gizartea Errenteria argazkiak Gaurko azken ordukoa