Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat zigortu dute Hendaian, bikotekideari tratu txarrak emateagatik

Epaian jasotakoaren arabera, gizonak emakumearen kontrako indarkeria fisikoa eta psikikoa erabili zituen, kikildu eta beldurra sortzeko asmoz.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hendaiako bizilagun bati urtebete eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote, bikotekideari behin eta berriz tratu txarrak ematea leporatuta. Irainen bidez eta indarkeria erabilita gutxietsi ohi zuen emakumea. Epaian jasotakoaren arabera, horietako egun batean aurpegian kosk egin zion.

Bikotea Hendaian bizi zen, adinez txikikoa zen haren alabarekin. Gizonak etengabe eman zizkion tratu txarrak, etxebizitzan.

Urteen joan-etorrian, bikotekideari beldurra sorrarazi zion auzipetuak. Epaiketan frogatutzat geratu denez, emakumearen kontrako indarkeria fisikoa eta psikikoa erabili zituen lasaitasunarekin amaitzeko asmoz. Behin eta berriz erabili zuen indarkeria; batzuetan lepotik eta besoetatik hartuta astindu zuen, eta, besteetan, zaplaztekoak eman zizkion.

Gainera, esaldi iraingarriak erabili ohi zituen bikotekidea deskalifikatzeko asmoz. Emakumea kikildu eta umiliatzea zen, epailearen hitzetan, erasotzailearen asmoa.

Epaiketan, auzipetuak aintzat hartu ditu Fiskaltzak eskatutako zigorrak: urtebete eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra, 56 eguneko lan komunitarioak eta zortzi urtez kokalekuaren berri eman beharra ezarri dizkio. Bikotekideari etengabeko tratu txarrak ematea leporatuta eta haren kontrako irainengatik ezarri dizkiote zigor horiek.

Gainera, zortzi urtez ezin izango da emakumearekin harremanetan jarri, ezta harengana hurbildu ere.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Hendaia Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa