Gizartea -

Istripua Araban

Tolosako mendizale bat hil da Lezeko koban, Asparrenan

39 urteko gizonezkoa zuhaitz batetik zintzilik geratu da eta emergentzia zerbitzuek erreskatatu behar izan dute.

Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tolosako mendizale bat (39 urte ditu) hil da larunbat eguerdian Lezeko kobaren inguruan, Asparrenan, eroriko bat izanda. Segurtasun sailak jakitera eman duenez, hildakoa zuhaitz batetik zintzilik geratu da eta emergentzia zerbitzuek erreskatatu behar izan dute.

Eguerdiko 12:30 aldera izan du SOS Deiakek istripuaren berria. Antza, mendizale bat 80 metro ingurutik erori da, Lezeko koba bezala ezaguna den inguruan. Eskalada egiten dutenen artean oso inguru ezaguna da hori.

Emergentzia zerbitzuak bertaratu dienean, gizonezkoa hilda zegoela ikusi dute. Zuhaitz batetik zintzilik geratu da mendizalea, 20 metro inguruko altueran. Hori dela eta, Aguraingo suhiltzaileak eta Ertzaintzaren erreskate taldeko kideek jaitsi dute.

Lekukoen arabera, gizonezkoa ez zen eskalada egiten ari. Ez zuen gainera kirol hori egiteko materialik berarekin.

Ertzaintzak ikerketa bat abiarazi du, heriotzaren arrazoiak zehazteko, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.  Dokumentaziorik ez zuenez, identifikazio-lanak igande honetako lehen ordura arte luzatu dira; Tolosako bizilagun bat (39 urte ditu) dela jakinarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal mendiak bideoak Albisteak Erreskateak mendian