Gizartea -

Liskarra kalean

Gazte bat atxilotu dute Gasteizen, beste gazte bat zauritzea egotzita

Lesioen delitua egotzi diote eta larunbat honetan igorri dute epaile aurrera.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

19 urteko gazte bat atxilotu dute Gasteizen, beste gazte bati eraso egitea egotzita. Sorbaldan zauria eragin zion ustez, kalean izandako liskar batean.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ostiralean, 20:00ak inguruan, abisua jaso zuten. Olagibel eta Adatseko Andre Mariaren kalearen artean izan zen liskarra, eta agenteak bertaratu zirenean gazte bat aurkitu zuten, sorbaldan odola zuela. Hark agenteei esandakoaren arabera, ezagun batek zauritu zuen, eztabaidan ari zirela, gerriko bat erabilita. Antza, ustezko erasotzaileak alde egin zuen.

Ertzaintzak bilaketa lanei ekin zien eta 20:45ean aurkitu zuten, San Kristobal auzoko lorategi batzuetan. Ustezko erasotzaileak onartu egin zuen liskarrean parte hartu izana, eta atxilotu egin zuten, lesioen delitua egotzita. Larunbat goizean igorri dute epaile aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Gasteiz Gaurko azken ordukoa