Gizartea -

Ostegunetik desagertua

Ez dute Arrasateko mendizalearen arrastorik aurkitu

Astelehen goizean bilera egingo dute bilaketa lanen arduradunek herriko alkatearekin, beharrezko erabakiak hartzeko.

Argazkia: Gipuzkoako DYA
Argazkia: Gipuzkoako DYA
Argazkia: Gipuzkoako DYA

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arrasateko bizilaguna aurkitzeko lanak bertan behera utzi dituzte igande honetan, arrakastarik izan gabe, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Gipuzkoako herriko menditik gertu gauzatu dituzte bilaketa-lanak. Boluntarioez gain, Babes Zibileko udal teknikari batek, Gurutze Gorriko, Suhiltzaileetako, DYAko eta Ertzaintzako langileek hartu dute parte, helikoptero baten eta txakurren unitatearen laguntza izan dute.

Goizean Arrasatetik Aramaiora bidean dagoen Parraia baserriaren inguruan agertu da 56 urteko gizonezkoaren bizikleta.

Haize indartsuengatik ezarritako abisu horia dela eta, astelehen honetan boluntarioek Arrasateko bizilagunaren bilaketa lanetan ez parte hartzea aholkatu dute, baina Ertzaintzako mendi arloko agenteek, txakur-unitatekoek lagunduta, bilaketa espezifikoa egiteko asmoa dute gune zehatzen batean.

Halaber, goizean bilera egingo dute bilaketa lanen arduradunek herriko alkatearekin, beharrezko erabakiak hartzeko.

Anboto aldera bideratu dute bilaketa

Igandean, 07:30ean berrekin diete bilaketa-lanei. Larunbatean, Udalaitz eta Betsaide mendiak miatu ondoren, Anboto aldera bideratu zuten azken orduetan bilaketa, eta inguru horietan aritu dira. Hala, Iturripetik abiatu da, goizean goiz, J.A. topatzeko dispositiboa eta bilatze-lanak Anboto eta bere gailurrean egin dituzte. SOS Deiak-etik zabaldu dutenez, inguru hauek ikuskatu dituzte: Kobate, Besaide, Tallamendi eta Anboto, 250 laguntzaileekin

Larunbatean, 70 mendizale aritu ziren bilaketetan parte hartzen, Arrasateko Udaleko Babes Zibileko teknikari batekin eta Ertzaintzako agenteekin batera.

Ostegun goizean mendira irten zen J.A., baina nora joan zen ziur ez dakitenez, Udalatx, Betsaide eta Anboto mendien inguruak aritu dira miatzen orain arte. Atzo, 10:00etatik aurrera, mendizalea joan ohi den koba batzuk ikuskatzen ere aritu zen Ertzaintzako Zaintza eta Erreskaterako unitatea eta helikoptero bat baina ez zuten haren aztarnarik aurkitu. Azkenean, bertan behera utzi zuten bilaketa dispositiboa 19:00etan.

SOS Deiak-ek deialdia egin die herritarrei, norbaitek mendizalearen berri balu 112 telefonora deitzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Arrasate Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Desagertutako pertsonak Istripuak Anbotoko mendilerroan SOS Deiak