Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Bost gizonezko atxilotu dituzte Nafarroan indarkeria matxista egotzita

Emakumeen aurkako erasoak Atarrabian, Tuteran, Figarolen, Kaparroson eta Zangozan izan dira.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoak bost gizonezko atxilotu ditu indarkeria matxista egotzita, Atarrabian, Tuteran, Figarolen, Kaparroson eta Zangozan.

Atarrabian, 39 urteko gizonezko bat atzeman dute amari eraso egitea leporatuta. Amak semearen kontrako salaketa jarri zuen, tratu txarrak emateagatik, iraintzeagatik eta mehatxuengatik.

Horrez gain, urruntze agindua eskatu zuen, eraso egingo zionaren beldur zelako.

Tuteran 39 urteko beste gizonezko atxilotu dute, emazteari tratu txar fisikoak eta psikologikoak emateagatik. Epaiketa egin bitartean, erasotzaileak galarazita izango du biktimarengana hurbiltzea edo harekin hitz egitea.

Figarolen eta Kaparroson beste bi gizonezko atxilotu dituzte, 37 eta 51 urtekoak, hurrenez hurren.

Bi kasuetan, bikotekideak jipoitu dituzte, seme-alabak aurrean zirela. Biktimek salaketa jarri eta urruntze agindua eskatu dute.

Zangozan 47 urteko gizonezko bat atzeman zuten, emazteari eraso egiteagatik. Alabak ohartarazi zuen Foruzaingoa, aita ama jotzen ari zela kontatuz.

Foruzainak bertaratu zirenean, erasotzaileak uko egin zion atea irekitzeari eta indarrez sartu ziren etxean. Gizonezkoak jarrera bortitza agertu zuen eta agenteek indarrez atxilotu zuten. Tratu txarrak eta desobedientzia larria leporatu dizkiote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Nafarroa Gizartea Gaurko azken ordukoa