Gizartea -

Bizkaia

Beste langile bat tuberkulosiagatik gaixo Gurutzetan; protokoloa martxan da

Kasu berri honek ez dauka zerikusirik orain dela hilabete eta erdi Jaioberrien Unitatean gertatu zenarekin. Datozen egunotan, proba berriak egingo dizkiete zentroko langileei eta gaixoei.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) langile bat tuberkulosiak jota dago, azken egunotan egindako azterketetan atzeman dutenez. Halere, Osakidetzak baieztatu du ez duela zerikusirik duela hilabete eta erdi inguru izan zen kasuarekin. Orduan, Jaioberrien Unitateko langile batean atzeman zuten bakterioa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera, "datozen egunotan, pazienteei eta osasun-profesionalei dei egingo zaie jardun-protokoloan jasotako probetan parte har dezaten".

Hala, Prebentzio Zerbitzuak dei egin dio astelehenean Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Segurtasun eta Osasun Batzordeari, ospitaleko langile guztiei behar den informazio guztia emateko.

Osakidetzak gogorarazi duenez, tuberkulosia ez da errotik ezabatu -Bizkaian, urtean 170 bat kasu erregistratzen dira-, baina, egun, tratamendu egokiarekin sendatu egiten da.

Aire-bidetik kutsatzen da, eztul egitean edo hitz egitean, eta, oro har, gaixotasuna transmititzeko, bizikidetasun estua eta luzarokoa behar da.Tuberkulosiaren baziloa oso sentikorra da kanpoko baldintzekiko. Beraz, ez da beharrezkoa inolako operaziorik osasun-etxeko instalazioetan, eta ospitaleak erabateko normaltasunez jarrai dezake jardunean.

"Horren haritik, biztanleei lasaitasun-mezu bat helarazi behar zaie. Izan ere, abian dira beharrezko prebentzio-neurri guztiak. Bestalde, eskertu behar da datozen asteotan paziente eta profesionalengandik beharko den lankidetza", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gaixotasunak Eguneko albisteak Medikuntza albisteak