Gizartea -

Osasuna

Osakidetzak diabetiko adingabeentzako monitorizazio-sistema berria ezarriko du

Azaroan hasiko dira ezartzen. Prozedura berri honekin, gazteek ez dute izango zertan egin intsulina eman baino lehenagoko neurketa-sastadak.

Jon Darpon Osasun sailburua, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Jon Darpon Osasun sailburua, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Jon Darpon Osasun sailburua, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak azaro honetan bertan ezarriko du 18 urtetik beherako diabetikoentzako monitorizazio-sistema berria; sastada gutxiago hartu beharko dituzte gazteek sistema horrekin, eta bizitza-kalitateak hobera egingo du.

Hala iragarri du Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Bilbon, Asvidia Bizkaiko Diabetes Elkarteak Diabetesaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jardunaldi batzuetan.

Hala, sistema hori erabiltzen duten lehen autonomia-erkidegoetako bat izango da Euskadi; Europako hainbat herrialdetan erabiltzen da, dagoeneko. Jaurlaritzak nabarmendu duenez, gazteek ez dute izango zertan egin hainbat neurketa-sastadarik, intsulina eman aurretik.

Hiru hilabetetan

Glukosa kontrolatzeko gailu berriak Osakidetzaren Erakunde Sanitario Integratuetako endokrinologia-kontsultetan banatuko dira, eta, aurreikuspenaren arabera, hiru hilabete barru izango dute euren esku 1 motako diabetesa duten adingabe guztiek (400 bat dira).

Osasun sailburuak azaldu duenez, sistema berri horrekin txaplata batek neurtuko du odoleko glukosa-maila; hortaz, ez da beharrezkoa izango ziztada kapilarrarik egitea. Gaixoen bizitza-kalitateak nabarmen hobera egingo du.

Prozedura hau ezarrita, Estatu mailan, berori erabiltzen duen lehen autonomia-erkidegoetako bat da Euskadi; europar herrialde batzuetan, aldiz, eskarmentua dute hau baliatzen.

330.000 bat euro inbertitzea eskatuko du egungo sistema beste honekin ordezkatzeak; aplikazioaren emaitza zein den, aztertuko dute aukera 1 motako diabetesa duten helduekin ere erabiltzeko.

Gaixotasunaren eraginak gora egin du, baina Estatuan baino prebalentzia txikiagoa du

Euskadin, Estatuan eta Europan ere gertatu denez (demografia-ezaugarriak eta herritarren bizitza-estiloetan izandako aldaketak kontuan izanik), gaixotasunaren eraginak gora egin du; dena den, prebalentzia Estatuko batez-bestekoa baino txikiagoa da, eta beste autonomia-erkidegoetakoa baino askoz ere txikiagoa.

Osakidetzaren langile batzuek egindako ikerketa baten arabera (Eusko Jaurlaritzak finantzatu du), diabetes mellitus izeneko gaixotasunak Euskadin duen prebalentzia % 10,6koa da 18 urtetik gorakoetan; Estatuan, metodologia bera erabilita eta helburu berarekin egindako ikerketa batzuek frogatu dute prebalentzia % 13,8koa dela; Andaluzian, esate baterako, % 16,3koa da.

Darponek azaldu duenez, lortzeko gaixotasunaren eragina txikiagoa izan dadin, eta kontuan izanik nolako bilakaera izan duen, diabetesen esku hartzeak, zerbitzu-eskaintza egokia izateaz gain, eskatzen ditu prebentzio-ekintzak eta osasuna bultzatzea; horrela, gaixotasunaren prebalentziak behera egin lezake. Prestakuntza eta hezkuntzarako sarbidea izatea ere oso garrantzitsua da. Eragile horiekin guztiekin, bizitza-kalitateak hobera egiten du, eta biziraupen-ixaropena ere handiagoa da. Osasun Saila "lan handia eta etengabekoa" ari da egiten, arlo horretan.

Diabetesa prebenitzeak, batez ere, osasungarriak diren bizitza-estiloak bereganatzea esan nahi du; frogatuta dago harremana dagoela obesitatearen, ariketa fisikorik ez egitearen eta diabetesaren artean. Hori dela eta, bizitza-ohitura osasungarriak izateak murriztu egiten du diabetesa pairatzeko arriskua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea