Gizartea -

Nafarroa

Astelehen honetan abiatuko da Iruñean sanferminetako taldekako bortxaketaren epaiketa

Azaroaren 24an bukatuko da, eta ateak itxita egingo dute. Fiskaltzak 22 urteko espetxe-zigorra eskatzen du; defentsek, aldiz, absoluzioa.

Astelehenean hasiko da sanferminetako bortxaketaren epaiketa, ateak itxita

2:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016ko sanferminetako taldekako bortxaketaren epaiketa astelehen honetan, 2017ko azaroak 13, abiatuko da Iruñeko Justizia Jauregian. Bertan, bost gizonezko epaituko dituzte, 2016ko uztailaren 7an, Iruñean, 18 urteko neska madrildar bat bortxatu izana leporatuta.

Astelehen honetako saioan, aurreko auziak tramitatuko dituzte eta auzipetuei atariko galdeketa egingo diete. Galdeketa horretan, bost akusatuek erantzun beharko dute onartzen dituzten ala ez gertakariak edo horien zati bat, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar batean jakitera eman duenez.

Espainiako Fiskaltzak 22na urte eta 10 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu bost gizonetako bakoitzarentzat (espetxean daude bostak). Fiskalaren akusazio idatziaren arabera, fiskalak 18 urte eskatu ditu sexu-eraso delitu jarraituengatik, 2 urte eta 10 hilabete, intimitatearen aurkako delitu batengatik, eta 2 urte, larderiaz egindako lapurretagatik. Halaber, biktimarengana —500 metro baino gutxiagora— gerturatzeko debekua, 20 urtean biktimarekin komunikatzeko debekua, eta kartzela zigorra bete ostean 10 urteko zaintzapeko askatasuna betetzea eskatu du fiskalak akusatuentzat. Gainera, bost akusatuek biktimari 100.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du fiskalak, 'kalte morala' ordaintzeko, eta erantzule zibil zuzen gisa.

Biktimak 24 urteko espetxe zigorra eskatuko du, eta herri akusazioek (Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua), berriz, 25 urtekoa.

Defentsek, bestalde, absoluzioa eskatzen dute, sexu-harremanak biktimak onartutakoak izan zirela argudiatuta.

Datak

Astelehen honetako saioaren ostean, hilaren 14an biktimak eta bi lekukok deklaratuko dute. Hurrengo egunean Iruñeko Udaltzaingoko lau agente eta Foruzaingoko bi agente izango dira epaiketa, eta hilaren 16an, berriz, beste hiru zortzi agenteren eta hiru lekukoren txanda izango da. Azaroaren 17rako aurreikusita daude lau foruzainen, lau lekukoren eta Iruñeko Udaltzaingoko agente baten deklarazioa. Hurrengo astean, adituen frogak aurkeztuko dituzte (hilak 20 eta 21), eta azaroaren 22an, berriz, galdeketa egingo diete bost akusatuei. Hilaren 23an defentsek deitutako lekukoek deklaratuko dute, eta azaroaren 24an bukatuko da epaiketa.

Epaiketa, ateak itxita

Epaiketa ateak itxita egingo da, Nafarroako Auzitegiko 2. Sekzioak erabakita. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar bidez jakinarazi zuenez, salatzailearen "intimitaterako oinarrizko eskubidea" babesteko eta salatzailearen zein bost akusatuen esposizio publikoa zaintzeko hartu du erabakia. Auzitegiak bere autoan debekatu egin du biktimaren nortasunaren inguruko informaziorik zabaltzea, zeharka edo zuzenean, eta baita horren edota horren senideen irudiak ateratzea, zabaltzea eta argitaratzea ere. Magistratuen arabera, epaiketako aktan gehitutako informazioari lotuta daude aipaturiko bi debeku horiek. Halaber, autoak debekatu egiten du azaroaren 13tik 24ra bitartean egingo den epaiketako aretoan esaten edo ikusten diren bideoak zabaltzea. Behin-behinean espetxean dauden akusatuei dagokienez, Auzitegiak horien irudiak hartzea, zabaltzea eta argitaratzea debekatu du.

Nafarroako Kazetarien Elkargoak erabaki hori berraztertzea eskatu du, eta horri lotuta Fiskaltzak eta hiru akusaturen defentsak emandako iritzia kontuan hartzea eskatu du; hau da, biktimaren deklarazioa eta gertakarien bideoak eta fotogramak bakarrik babesteko eskaera. Elkargoak argudiatu duenez, informazioaren kalitatean "prekarietatea" egon daiteke, informazio hori bi aldeetako abokatuengatik jasotzeko aukera bakarrik baldin badago.

Iruñeko Udalak erantzukizuna eskatu du

Iruñeko Udaleko gobernu taldeak ostiral honetan aurreratu du ez duela auziaren inguruko adierazpenik eta balorazirik egingo, eta "erantzukizunez" aritzeko deia egin du. Lehentasuna biktima babestea dela azpimarratu du eta, horretarako, "agerpen edo esposizio publikoa ahalik eta gehien murriztea"ren alde egin du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Tratu txarrak gaur Nafarroa gaur San Fermin jaiak Gizartea Gaurko azken orduko albistea