Gizartea -

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Akusatuak ukatu egin du Gasteizko emakumea berak hil zuela

Gizonezkoaren arabera, hilketa izan zenean biktimak Gasteizen zuen tabernan zegoen lanean. Fiskaltzak kontraesan asko ikusi ditu akusatuak gaurko deklarazioan eta instrukzio fasean esandakoen artean.

Epaiketa
Epaiketa
Epaiketa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen duela hiru urte bikotekide ohia hiltzea egotzita, auzipetuen aulkian eseri den gizonak ukatu egin du emakumea berak hil zuela. Emakume horrekin bikote harremanik ez zuela inoiz izan ziurtatu du bere deklarazioan.

Rosa Diez de la Cruz 2014ko azaroaren 4an hilda aurkitu zuten Gasteizko bere etxebizitzan, eta egun horretan bertan haren bikotekide ohia hartu zuten preso, hiltzailea zelakoan. Atzo abiatu zen Arabako Lurralde Auzitegian hilketa argitzeko epaiketa, epaimahaiaren aukeraketarekin, eta gaurko saioan akusatuak deklaratu du epailearen aurrean. Fiskaltzak 20 urteko kartzela zigorra eskatzen du, eta defentsak, berriz, absoluzioa.

Bere deklarazioan, akusatuak behin eta berriz ukatu du emakumea berak hil zuela, eta biktimarekin bikote-harremana ere ez zutela inoiz izan azpimarratu hainbat alditan.

Fiskaltzaren arabera, akusatua biktimaren etxebizitzara joan zen, eta arma zuri batekin eraso egin zion 42 urteko emakumeari. Ondoren, buruan kolpeak eman zizkion, eta horrek eragindako traumatismoaren ondorioz hil zen emakumea. Hilketaren ostean, gizonezkoak etxebizitza garbitu zuela uste du Fiskaltzak, arrastorik ez uzteko, eta ondoren kalera joan zen, emakumearen giltzak eta bi telefono mugikor hartuta.

Gizonezkoak esan dudenez, biktimak Gasteizen zuen tabernan zegoen lanean hilketa izan zenean. Bere abokatuak egin dizkion galderei erantzunez, akusatuak biktimaren orduko bikotekidea eta lagun bat jo ditu susmagarritzat, eta droga kontu batengatik izan zitekeela hilketa argudiatu du.

Fiskaltzak kontraesan asko ikusi ditu akusatuak gaurko deklarazioan eta instrukzio fasean esandakoen artean. 2008an tratu txarrak egotzita jaso zuen zigor bati buruz ere galdetu dio fiskalak, baina hori ere ukatu egin du.

Emakumearen heriotzaren berri Ertzaintzak eman ziola ziurtatu du.

Epaiketak bihar jarraituko du, lekukoen deklarazioarekin.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Araba Delituak Epaiketak argazkiak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gasteiz berriak Gaurko azken orduko albistea Mundu matxista Erailketak