Gizartea -

Umeen Gabonetako Parkea

Abenduaren 20an irekiko ditu ateak Umeen Gabonetako Parkeak, BECen

Umeen Gabonetako Parkea Bibao Exhibition Centren (BEC) izango da berriz abenduaren 20tik urtarrilaren 7ra arte, aurreko 52 edizioetan lortutako arrakasta errepikatzeko helburuarekin.

Argazkia BEC
Argazkia BEC
Argazkia BEC

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Umeen Gabonetako Parkea (UGP) Bibao Exhibition Centren (BEC) izango da berriz abenduaren 20tik urtarrilaren 7ra arte, aurreko 52 edizioetan lortutako arrakasta errepikatzeko helburuarekin.

Atrakzio ugari bilduko dira Umeen Gabonetako Parkean, BECeko 5. pabiloian, txikiek zein helduek goza dezaten. Horrela, besteak beste, barrakak, jolasak, ikuskizunak, jarduera didaktikoak, kirolak, ikasteko jarduerak eta kultur jarduerak izango dituzte bertara joaten direnek gozatzeko. Horrez gain, Bizkaian Gabonetan jartzen den izotz pistarik handiena ere BECen izango da.

Atrakzioekin batera, edozein herritako azoka-eremuetan bezala, postuak, txurro-dendak eta bestelakoak egongo dira. Bertan, egarria asetzeko eta zer edo zer jateko aukera izango dute BECera joaten direnek, indarberritu eta Umeen Gabonetako Parkeko jarduera biziarekin jarraitzeko.

Bestalde, azken hiru edizioetan izandako harrera ona errepikatzeko asmoarekin, Gurasoen Gaua egingo da aurten ere Umeen Gabonetako Parkean, abenduaren 29an. Bost orduz, gurasoek Umeen Gabonetako Parkeko barraka batzuk erabili ahalko dituzte, nagusientzako atrakzioen artean aukeratuta.

Halaber, barraken ondoko tradizio handiko mesoietara joateko aukera ere izango dute, dantzaleku bihurtuko baitituzte, eta zuzeneko musika entzun, eta, afaltzeko, pintxoren bat jateko eta kopa batzuk edateko aukera izango dute bertan. Egun horretako sarrera gainerako egunetakoak beste balioko du: 8 euro. Mozorrotuta joaten direnek, baina, 5 euro ordaindu beharko dute. Gainera, lehen 1.000 parte-hartzaileek opari bana jasoko dute.

Salneurriak ondorengoak izango dira:

-Salneurri orokorra: 8 € pertsonako

-10 pertsona baino gehiagoko taldeak: 7 € pertsonako

-Guraso gaua: 8 € pertsonako (5 €, mozorrotuta joanez gero)

-2 urtera arteko haurrak (2 urtekoak barne): sarrera dohainik

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Bizkaia