Gizartea -

A-25

Mikromatxismoa, gizartea usteltzen duen gaitza

Asmo txarrik gabeko adierazpenek, ohitura arruntek eta jokaera inkontzienteek bidea prestatzen diote matxismoari, modu krudelenean. Eta oztopo horiek kendu egin behar dira berdintasuna lortzeko.

Iker Gonzalez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Matxismoa guztiok kaltetzen gaituen gaixotasuna da; ez da soilik emakumeen gorputzean ubeldurak egiten dituen indarkeria fisikoa, eta ez da ezinbestekoa biktima batean tratu txar psikologikoa eragitea matxismoa antzemateko: mikromatxismoak dira. Tamaina handiko arazoa da, oharkabean, egunez egun, urtez urte, etxean, lanean, gimnasioan edo parrandan gertatzen den zerbait delako, matxismo formarik ankerrenari bidea zabaltzen dion gauza bat da, eta aldi berean, berdintasunean oinarritutako gizarte batetik aldetzen gaitu. Matxismoa da, eta argi izan behar dugu.

Hauxe da mikromatxismoa oso ondo irudikatzen duen anekdota bat; denda bateko ilaran, 60 bat urteko emakume bat haurtxoa motxilan zeraman aita gazte bati zuzentzen zaio eta zera esaten dio "zelan laguntzen duzuen -gizonok- gaur egun etxean". Gizonak, harrituta, erantzuten dio, "ez da laguntzen dudala, bion gauza da".

"Zurgagailua pasatu dut zure partez, kristalak garbitu dizkizut…" mikromatxismoaren beste adibide dira, etxeko lanak emakumeari dagozkiola barne hartzen dugu, "hala izan delako beti", eta "asmo txar gabe bada ere".

Enpresaren munduan, soldaten inguruko txostenak egiten dira urtero, baina zenbait jarreren erruz berdintasuna begiztatu ere ez da gehienetan egiten. Adimentsua izatea gizonek alde izaten duten ezaugarria da, ez, ordea, emakumeen kasuan, mehatxu bezala hartzen baita.

Baina bestearen adimenaren nagusitasuna ez da arazo bakarra. Victoria L. Brescol psikologoak gidatutako txosten baten arabera, psicologiaymente.netek aireratu duenez, emakumeak gutxietsita egon daitezke enpresan gizonek adina ez hitz egiteagatik, eta gizonek beste hitz egiteagatik ere. Hala, ikerketan jaso duten kasuetan, hitz-jario aberatsak gizonak saritu egin ditu, eta emakumeak zigortu, lanpostu berean egoteko.

Enpresetako zuzendaritza postuetan, herrialde bateko presidentetzan, ingeniaritza, aeronautika, arkitektura... postuetan gero eta emakume gehiago daudela egia bada ere, soldaten arteko desorekak eta kargu batzuetara heltzeko aukera ezberdinak azaleratu egiten dute oraindik ere egiteke dagoen bidea luzea dela.

Hizkuntzaren larderia

Hizkuntzan ere jaso dugu gizarte matxista baten oinordekotza, ez da soilik alkate edo alkatesa esatea, aktore edo aktoresa etab.

Hizkuntzaren atzean matxismo zital bat ageri da; eta euskara generoa ezberdintzen ez duen hizkuntza dela esaten bada ere, hainbat adibidetan ikus daiteke gizonaren nagusitasuna barneratuta dagoela.

Esaterako, "alua" norbait iraintzeko esaten da, eta ez dago horren parekorik gizonaren kasuan. Edo "gizakia" hitza, giz- aurrizkiarekin osatzen da, hau da gizonarena, eta gizasemea da, emakume zein gizonezko.

Badaude, halaber, historikoki gizonek izan duten karguak eta lanak, eta hitzek jaso dute horren isla, esaterako, "elizgizona", "itsasgizona", "enpresa-gizona"…

Publizitatearen betiko sexualizazioa

Zer esanik ez garbiketarako produktuen, etxetresnen.. iragarkietan. Emakumeek emakumeentzat eginak daude. Perfumeak saltzeko iragarkietan ere emakumearen alde sexuala ildo nagusia da eta, batzuetan erakusten dituzten irudietan, ez dago irudimenerako tarterik.

Egunero gure begien aurrean gertatzen den zerbait da, publizitatearen sektoreko deontologia eta praktika egokien kodeek, argi baino, argiago, utzita emakumearentzat iraingarriak izan daitezkeen edukiak saihestu beharrekoak direla.

Aurten, hain zuzen, Perlan xaboi markaren enpresak egindako promozio batean, bost produktu atera zituen, eta botila bakoitza emakume mota batekin identifikatu zuen.  Sare sozialetan eta Facuak egindako presioaren ondoren, markak modeloen irudiak kendu zituen, eta soilik produktuenak utzi.

Paloma Lorenzoren salaketa

Alabaina, mikromatxismoen zerrenda amaigabea da, emakumeek egunero pairatzen dute matxismoak hartzen duen itxura hori, ez da erraza gehiegikeriarik edo jazarpenik pairatu ez duen emakumerik topatzea inguruan. Orain dela gutxi 'aski da!' esan duen horietako bat Paloma Lorenzo Usabiaga Nafarroako Parlamentu Gaztearen presidentea izan da.

Hilabete hasieran, eraso baten biktima izan zen taberna batean eta, horrezkero, egunkari batean emakumeek egunero pairatzen duten tortura salatzea erabaki zuen. "Taberna batean sartu eta ipurdia ukitzeko eskubidea duela, soineko estu bat edo gustuko dituen prakak daramatzadalako", uste duen hori zuzendu zaio Lorenzo, "gauean etxera bakarrik noanean segika dudan eta txistu egitea barregarria iruditzen zaion" horri.

Aurreko egunean "etxerako bidean negarra eragin zion" horri, "egin zenuena egiteko zentzugabeko aitzakia  jarri zenuen, ez dakit nor zaren, fisikoki nola zaren baino ez dakit, eta horrekin ez dut salaketa irmo bat aurkeztu (…) zuri, baimenik gabe ukitzen gaituzunoi, txerrien moduan musukatu eta kaletik oihu egiten gaituzunoi (…) utz gaitzazue bakean".

Paloma Lorenzo, periodista y dibujante

Paloma Lorenzok eitb.eus-i azaldu dioenez, "azaroaren hasieran eraso bat pairatu nuen taberna batean eta, egia esanda, egoera zakarra, tristea eta etsigarria izan zen. Badakit gertatu ohi dela, eta zoritxarrez kasu asko ikusi izan ditut nire inguruan, baina lehen aldia izan da zuzenean niri gertatu zaidala".

Emakumeak behartuta ikusten du bere burua halako egoerei aurre egin behar izatera, eta Lorenzoren iritzian "penagarria, baina bereziki, nazkagarria da. Niri gertatzen zaidanean, eta beste edozeini gertatzen zaionean ere. Tamalgarria da kalera kontuz irten behar izatea, edo lekuren batera joaten laguntzea eskatu behar izatea, 'badaezpada'".

"Etxera bakarrik eta beldurtuta itzultzea pairatu behar izan du, norbait atzetik zetorrela sentitu eta buelta ez eman beldurragatik, baina horren pausoak entzutea. Gutunean kontatu nuena egia da; eskuak poltsikoan sartu eta giltzak indarrez hartu beldurragatik, niri gertatu zait, eta gutako gehiengoari ere (…) Telefonoz hitz egiten ari zaren plantak 'badaezpada' egin plaza handi eta ilun bat zeharkatzen ari zarenean, inguruan inor egon barik. Badaezpada zer? Ezin dut bakarrik kalean ibili? Noski baietz, baina askotan beldurtuta gaude", dio.

Piropoak ere izan ditu hizpide Nafarroako Parlamentu Gazteko presidenteak. Bere ustean, ondo egon litezke, "esaten dizuten moduaren arabera". "Danoi gustatzen zaigu zein itxura ederra dugun. Baina esateko modu ezberdinak daude. Nik txistuak, lekuz kanpoko hitzak edo "piropoak" jasan behar izan ditut autobusa hartzera bakarrik nindoanean, nire etxe ondora. Ez da erosoa, ezta atsegina ere. Eta buelta eman eta molestatzen zaituela esanez gero, zakarra, itxia ala aspergarria deitzen dizute kasurik onenean. Deseroso egotea kaletik oinez zoazenean norbaitek lizunkeriaz begiratzen zaituelako, eta gaizki sentitzen zara. Eta gainera entzun behar izaten duzu "Neska, jantzita zoazen moduan…"

"Azken egunotan esaldi bat irakurri dut hainbat iritzi artikulutan, 2016ko sanferminetako taldekako bortxaketaren harira, eta bat egiten dut horrekin, 'ez dut ausarta izan nahi, aske izan nahi dut".

Hezkuntza da, Lorenzoren esanetan, matxismoaren arazoa errotik konpontzeko. "Jarrerak, esamoldeak, aztertu eta baztertzeko beharra dago, hezkuntzan enpatian oinarritu, emakumeak gauzak ez garela ulertarazi, erdiguneko etxebizitza baten, mahai baten edo aulki baten jabe garen moduan ezin dugula emakumeen jabe izan. Emakumeok pertsonak gara".

Orokorrean, "beldurrean, prebentzioan, oinarritutako hezkuntza jasotzen dugu. 'Ez itzuli bakarrik etxera, taxi bat bilatu", denok buruan sartuta daukagun zerbait da, eta ez litzateke normala izan behar. Beldurra sartzen gaituzte, ahulagoak garela sinestarazi. Eta hori ez da egia, ez gara ahulagoak, horren modukoak izatera behartzen gaituzte".

"Eta nola hezten ditugu mutilak? Pribilegioan. Urte asko daramatzate nahi dutena hartzeko eskubidea dutela sinestarazten. Eta horretan datza emakumeenganako indarkeria eta eraso askoren jatorriak. Argi dago, gizonezko guztiak ez dira berdinak, eta gutxiagotik ere, baina askoren ustean "Ikusten bazaitut, niretzat nahi zaitut, zuk ez duzu ezer nahi baina behartzen zaitut, nirea zarelako, zure jabe naiz". Eta inor ez da inoren jabe, ez gara objektuak, pertsonak gara".

 

__________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Gizartea Gaurko azken ordukoa Nafarroako Parlamentuko albisteak Matxismoa gaur