Gizartea -

EPAIKETA

N-1ean emakume bat hil zuen kamioilariak alkoholari eta botikei egotzi die istripua

Astelehen honetan Gipuzkoako Auzitegian hasi den epaiketan onartu duenez, gau hartan zerbeza bat, botila bat ardo eta bi whisky trago edan zituen.

Honela gelditu zen kamioia. Argazkia: Odei Esnaola
Honela gelditu zen kamioia.
34 urteko errenteriarraren heriotza eragin zuen kamikazea gaur epaitu dute

1:22

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015en N-1 errepidean kontrako norabidean sartu —9,5 kilometro egin zituen— eta Villabona parean emakume bat hil zuen kamioilariak alkoholari eta botikei egotzi die istripua. Astelehen honetan Gipuzkoako Auzitegian hasi den epaiketan onartu duenez, gau hartan zerbeza bat, botila bat ardo eta bi whisky trago edan zituen, eta ez du "ezer" gogoratzen.

Gidari portugaldarrak gaur deklaratu du Gipuzkoako Auzitegian. Fiskaltzak hamabi urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du kamioilariarentzat. Giza-hilketa delituaz gain, alkoholaren eraginpean gidatzea eta besteen bizitza gutxiestea egotzi diote. Hildakoaren senideen abokatuak hamabost urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatuko du kamioi-gidariarentzat.

Istripua 2015eko abuztuaren 3an gertatu zen Villabonan, 22:45ak aldera. Kamioi gidariak ia hamar kilometro gidatu zituen kontrako norabidean, Alegiatik Villabonaraino, eta aurrez aurre egin zuen talka auto baten kontra. Istripuaren ondorioz, kotxeko gidaria hil egin zen.

Epaiketaren lehen saioan kamioilariak azaldu duenez, egun hartan, bere laneguna amaitutakoan, gasolindegi batean gelditu zen afaltzera eta zerbeza bat edo bi, botila bat ardo eta bi whisky trago edan zituen. Alkohola tentsioarentzat hartzen dituen pilulekin nahastu zituela uste du.

Akusatuaren hitzetan, bestela ezin du ulertu zergatik igo zen kamioira eta zergatik sartu zen aurkako norabidean, kontatu dioten bezala. Haren esanetan, bere asmoa hurrengo egunera arte atseden hartzea zen, eta ez da "ezertaz" gogoratzen istripuaren ostean "belar usaina" zegoen tokian esnatu zen arte.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak gaur Trafikoa Albisteak Gipuzkoa Delituak Epaiketak Gizartea bideoak Villabona bideoak Albisteak N-1