Gizartea -

Euskararen nazioarteko eguna

Euskara bultzatzetik, egunerokoan euskaraz egitera

Horixe izango da erakundeen hurrengo erronka: euskara dakitenek euskaraz egitea.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek elkarlanean jarraituko dute euskara bultzatzeko eta bide horretan ezinbestekotzat jo dute "euskaldunak aktibatzea", euskara egunerokoan erabil dezaten.

Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek datorren igandean ospatuko den 'Euskararen Nazioarteko Eguna' aurkeztu dute astelehen honetan.

Euskarari bultzada berri bat emateko gakoak bi direla azpimarratu dute: erakundeen elkarlanean segitzea euskara bultzatuz eta euskaldunek euskara erabiltzea.

"Euskarak pertsona guztien ahoan, kalean, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan eta paperean behar du egon", dio adierazpenak.

Erakundeen arabera, une egokia da administrazioak eta herritarrek "elkarlanerako bide berriak bilatu eta euskara bultzatzetik euskararen alde egitera igarotzeko, euskara erabiltzeko".

'Euskararen Nazioarteko Eguna' Gasteizen ospatuko dute, igandean, eta ekitaldi nagusian Iñigo Urkullu lehendakaria izango da, Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Eusko Jaurlaritza berriak Euskararen Nazioarteko Eguna Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak