Gizartea -

EPAIKETA GASTEIZEN

Herri epaimahaiak errudun jo du Rosa Lidia de la Cruz hil zuen gizona

Epaia irakurri ostean, Arabako Probintzia Auzitegiak datozen egunetan erabakiko du Rosa Lidiaren bikotekide ohiari ezarriko dion zigorra.

Rosa Lidiaren hilketa argitzeko epaiketa. ETBk epaiketari buruz egindako bideotik hartutako irudia.
Rosa Lidiaren hilketa argitzeko epaiketa.
Rosa Lidiaren hilketa argitzeko epaiketa. ETBk epaiketari buruz egindako bideotik hartutako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014an Gasteizen Rosa Lidia de la Cruz hil zuen gizona, bere bikotekide ohia, errudun jo du herri-epaimahaiak. Epaiketa amaituta, Arabako Probintzia Auzitegiak datozen egunetan iragarriko du zigorra.

Arabako Probintzia Auzitegian atzo amaitu zen epaiketa eta aldeek azken ondorioak aurkeztu zituzten. Egun batez deliberatzen aritu ostean, 45 urteko gizonezkoak Rosa Lidia de la Cruz, 42 urte, hil zuela ebatzi du herri-epaimahaiak.

Epaia irakurri ostean, Arabako Probintzia Auzitegiak datozen egunetan erabakiko du Rosa Lidia de la Cruzen bikotekide ohiaren zigorra. Une horretatik aurrera, aldeek epaiaren aurkako helegitea aurkeztu ahal izango dute.

EFE albiste agentziari egindako adierazpenetan defentsa abokatuak iragarri duenez, helegitea aurkeztuko du Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean. Abokatuaren esanetan, bere bezeroaren errugabetasuna egiaztatu du, frogen tratamenduan "oinarrizko akatsak" egin dira eta beste hainbat froga alboratu egin dituzte, horietako batzuek bere erruduntasuna zalantzan jartzen omen zutenak.

Ministerio Publikoak eta Estatuko Abokatutzak 20 eta 25 urteko zigor eskaerak egin zituzten, hurrenez hurren, hilketa delitua leporatuta. Akusatuaren defentsak, ostera, absoluzioa eskatu zuen.

Rosa Lidia, 42 urte, 2014ko azaroaren 1ean hil zuen bere bikotekide ohiak Gasteizko Pilar auzoko bere etxebizitzan. Fiskalak eta Estatuko Abokatutzak epaiketan azaldu zutenez, akusatuak hil zuen biktima, nahiz eta haren kontrako froga zuzenik ez izan eta hilketa egiteko arma aurkitu ez. Aitzitik, bere kontrako "hainbat zantzu" daudela azpimarratu zuten. Gainera, akusatuaren DNA aurkitu zuten biktimaren azkazaletan, zapi batean eta garbigarri batean; azken kasu horretan biktimaren eta akusatuaren odola nahastuta zegoen.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Araba Epaiketak bideoak Gizartea Gasteiz berriak Albisteak