Gizartea -

Epaiketa Gipuzkoan

Villabonan emakume bat hil zuen kamioilariaren aurkako epaiketa, epaiaren zain

Auzipetuak mozkortuta eta kontrako noranzkoan gidatu zuen kamioia, biktima zihoan autoarekin talka egin arte, Villabonan. 12 eta 15 urte arteko espetxe-zigorrak eskatu dituzte.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoan, N-1 errepidean, Villabona parean, emakume bat hiltzeagatik auzipetutako kamioilariaren kontrako epaiketa epaiaren zain geratu da gaur.

Gizonezkoak mozkortuta eta kontrako noranzkoan gidatu zuen kamioia, ia 10 kilometroz, biktima zihoan ibilgailuarekin aurrez aurre talka egin zuen arte.

Gertakariak 2015ko abuztuaren 3an jazo ziren, gauez. Talkaren ondorioz, emakumea berehala hil zen eta ibilgailuak su hartu zuen.

Epaiketaren bigarren eta azken saioan bi forentsek deklaratu dute. Kamioilaria egiten ari zenaren jabe zela eta alkohola edan ostean gidatzeak arriskua dakarrela bazekiela azpimarratu dute biek.

Alde guztiek onartzen dute gertatu zena. Gakoa, baina, ondokoa da: fiskaltzak eta akusazio partikularrak uste dute beste gidari batzuen bizia arriskuan jartzen ari zela bazekiela; defentsak, ostera, zuhurtzia-gabekeriaren ondorio izan zela dio.

Aurrekari psikiatrikorik ez duela jakinda eta lanbidez kamioilaria dela kontuan hartuta, forentseek esan dute auzipetuak jakin bazekiela alkoholdun edariak hartu ostean ezin daitekeela gidatu.

Hortaz, kamioilariak "bazekin zertan ari zen eta hein batean gutxienez egoeraren jabe zen", erantsi dute bi adituek.

Gauzak horrela, fiskaltzak 12 urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du, homizidoa egotzita. Akusazio partikularrak, berriz, 15 urteko kartzelatzea galdegin du.

Defentsak hasiera batean absoluzio eskatu bazuen ere, lau urteko espetxealdia eskatu du, zuhurtzia-gabekeria larriak eragindako homizidioaren erantzulea delakoan.

Bere azken hitzean, auzipetuak barkamena eskatu dio biktimaren familiari, inor mintzeko asmorik ez zuela nabarmendu du eta nola gertatu zen ez dakiela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Epaiketak argazkiak Gizartea albisteak Villabona Gaurko azken ordukoa