Gizartea -

Iruñeko epaitegia

Entrenatzaile bati bi urteko espetxe-zigorra, adingabe bati sexu-erasoa egiteagatik

Biktimari 4.630 euroko kalte-ordaina eman beharko dio. Gainera, datozen hiru urteetan ezin izango da adingabearengana hurbildu.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Futbol entrenatzaile bati bi urteko kartzela-zigorra ezarri diote bere jokalari bati sexu-erasoa egiteagatik. Biktimari 4.630 euroko kalte-ordaina eman beharko dio. Gainera, datozen hiru urteetan ezin izango da adingabearengana hurbildu.

Iruñeko gai penaletarako epaitegiaren sententziak gertakariak 2016ko uztailean jazo zirela azaldu du. Epaiari helegitea aurkezteko aukera dago. Bestalde, akusatua lesioen delitutik absolbitu du sententziak.

Taldeak partida jokatu ondoren, akusatua 17 urteko neska etxera eramateko prest agertu zen. Baina lehenago, autoa bere etxeko garajean aparkatu zuen, biktimaren etxetik hurbil, eta biak oraindik ibilgailu barruan zirenean, akusatuak adingabeari, “asmo lizunekin”, eraso egin eta musu eman zion.

Ondoren, bere gainean jartzen saiatu zen, baina ez zuenez lortu, “bularrak eta genitalak ukitu zizkion arropen gainetik”. Gazteak entrenatzailea gainetik kentzea lortu zuen, atzamarra begian sartuta, epaileak azaldu duenez. Neska ibilgailutik atera zen, baina akusatuak besotik eutsi zion berriro, hormaren aurka jarri eta berriz musu eman eta bularrak zein genitalak ukitu zizkion. Biktimak ukabilkada eman zion, berriro askatzeko.

Hematomak eta urradurak

Erasoaren ondorioz, besaurretan hematomak, eskumuturrean zauri arina eta urradurak izan zituen neskak, epaiaren arabera.

Salatzailearen kontakizuna “guztiz koherentea” dela uste du epaileak. Akusatuak, ostera, bertsioa bi aldiz aldatu zuela ebatzi du magistratuak, bat Poliziaren aurrean eta bestea epaiketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Tratu txarrak gaur Nafarroako albisteak Delituak azken ordukoa Epaiketak Gizartea Gaurko azken ordukoa Haurtzaroa albisteak Espetxeen albisteak gaur