Gizartea -

Jihadismoa

Lau pertsona atxilotu dituzte ISISen kide izatea leporatuta

Horietako bi Gironan atxilotu dituzte, bat Madrilen eta beste bat Marokon. Interneten materiala zabaltzea eta Espainian atentatuak egiteko deia egitea egotzi diete.

Orain dela gutxi egindako operazio bat, Madrilen. Argazkia: EFE
Orain dela gutxi egindako operazio bat, Madrilen. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia Nazionalak eta Marokoko Erreinuaren Lurraldeko Segurtasun Zuzendaritza Nagusiak lau pertsona atxilotu dituzte gaur, asteartea, ISISen kide izatea leporatuta.

Barne MInsterioak ohar baten bidez zabaldu duenez, operatiboa aldi berean egin dute Tangerren (Maroko) eta Figueresen (Girona) eta Parlan (Madril), eta miaketak ere egin dituzte.

Atxilotuak -oharraren arabera- terrorismoaren aurkako borrokaren helburu garrantzitsuak ziren, "muturreko material jihadista Interneten zabaltzen zutelako eta Espainian atentatuak egiteko deia egiten zutelako". Ikertzaileek diotenez, atxilotuek sare sozialetan zituzten kontuak erabiltzen zituzten Estatu Islamikoaren propaganda Espainian egiteko.

Tangerren atxilotutako pertsona "ISISen kide arriskutsua" da eta hainbat herrialdetako agintari haren bila zebiltzan. "Propaganda taldeko zuzendaritzako kide zen, eta organizazio terroristaren banatzaile ofizialek ematen zuten informazioa bertatik bertara jasotzen zuen".

Gainera, txosten eguneratuak egiten zituen egunero, Interneten erabiltzaile gehien erradikalizatzeko helburuarekin. Oso ezaguna zen webean, 300 kontu zabaldu izana esaten zuen harrokeriaz. Kontu horietatik erradikalizatzeko bidean zeuden pertsonek materiala jaisten zuten, esteka bakarra erabilita.

Bestalde, Figueresen (Girona) atxilotutako bi gizonezkoak anaiak dira, 30 eta 31 urtekoak, eta marokoar jatorrizkoak. EIren "estrategia globala bultzatzeko komunikazio sare korapilatsua zuzentzen zuten", eduki biralak hedatzeko, Interneten edozein bide erabilita (sare sozialak, mezu elektronikoak, berehalako mezuak etab).

2016ko martxoaz geroztik, ustez atxilotuek argitaratutako 400 eduki baino gehiago zenbatu dituzte agenteek. Kasu honetan, eta segurtasun neurri gisa, 'harresiak' modu pribatuan izaten zituzten, sarbidea kontrolpean izanda, mezuen hartzailea nork izan behar zuen kontrolatzeko.

Bi atxilotuek beste erabiltzeen kontuak "hackeatzen" ikasi zuten. Horrela, kontu pribatuetan baimenik gabe sartu eta modu ilegalean eduki proselitistak zabaltzen zituzten; besteak beste, umeentzako kanpalekuak, exekuzioak eta fusilamentuak erakusten zituzten, baita atentatuen edo gerra ekintzen biktimak diren pertsonentzat iraingarriak diren jarrerak ere, gizartean etengabeko beldurrezko giroa sortuta, Barne Ministerioak dioenez.

Haien kide birtualen artean, agenteek laugarren atxilotua ezagutu zuten. 44 urteko gizonezkoa da, eta Parla udalerri madrildarrean atxilotu dute. Aurreko hirurekin batera, "doktrinatze eta erakartze lanak egiten zituen sare sozialen bidez".

Gainera, Parlan atxilotutakoak "bere inguruen artean ere egiten zituen doktrinamendua, eta hori oso arriskutsua zen, bere erradikalizazio prozesua aurreratua baitzegoen eta atentatu kamikazeak eta martirio ekintzak modu etengabean goraipatu egiten baitzituen".

Operazioak zabalik jarraitzen du, eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta 2 zenbakiko Instrukzio Epaitegi Zentralak gidatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bartzelona Atentatuak Estatu Islamikoa Jihadismoa Albisteak Madril