Gizartea -

Eguraldia

Ana ekaitzak gogor astindu du Hego Euskal Herria

Haizeak eragindako 333 gertakari zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Horrez gain, 23 hegaldi bertan behera geratu dira Bilboko Aireportuan.

Haizeak Donostian eragindako kalteak
Haizeak Donostian eragindako kalteak
'Ana' denboraleak Euskadin eragindako kalteak

1:23

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ana denboraleak gogor astindu du bart Hego Euskal Herria. Alerta laranja egon da indarrean, haize-bolada bortitzak egon zitezkeela eta. Hain justu, haizeak eragindako 333 gertakari zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Zenbaki potoloa izanik ere, ez da gertakari larririk izan, eta kalte eta traba gehienak bidera edo kalera jausi diren arbolek eta adarrek sortutakoak izan dira. Bilboko Aireportuak 23 hegaldi utzi behar izan ditu bertan behera, eta 10 beste aireportu batzuetara bideratu ditu.

 

 

Zaparrada mardulak izan dira gauean zehar, eta ur-putzuak sortu dira bigarren mailako errepideetan. Goizerako, baina, konponduta zeuden, Segurtasun Saileko iturriek argitu dutenez. Hala, ez da istripu larririk jazo.

Haizea izan da, horrenbestez, gaueko protagonista. Arratsaldeko azken orduetan neurtu zituzten ufada gogorrenak: Karrantzan (Bizkaia) 174 km/h-ko ufadak izan dira; 173 km/h-koak Urduñan,143 km/h-koak Gasteizen, eta 130 km/h-tik gorakoak Galean eta Zarautzen. Gauean, mendebaldera egin du haizeak eta bolada gogorrak erregistratu dituzte.

 

 

Denboralearen ondorioak hiriburuetan

Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Iruñeko udalek neurriak hartu dituzte.

Gasteizen nabaritu da gehien denboralearen eragina. Udaltzaingoaren esanetan, udaltzainek eta suhiltzaileek 230 irteera egin dituzte, eroritako adarrek, mugitutako edukiontziek eta etxe-aurreetatik eroritako objektuek eragindako kalteengatik.

 

 

Donostian "gorabehera handirik gabe" igaro dute gaua, nahiz eta suhiltzaileak etengabe lanean aritu diren.

Udalak azaldu duenez, zuhaitz bat erori da Amara auzoko Sauce plazan, eta hori izan da gertaerarik "aipagarriena". Ez da inor zauritu.

Bilbon, berriz, atzo gaueko 21:00etan izan ziren ufada bortitzenak, Deustun 94 km/h-ko boladak nabaritu baitziren. Bizkaiko hiriburuko suhiltzaileek 31 irteera egin dituzte, haizeak lau zuhaitz bota dituelako, Udalaren arabera.

 

 

 

 

 

Ana ekaitzak ez du eragin handirik izan Iruñean goizaldean, Udaltzaingoak azaldu duenez.

Abisu horiak olatuengatik eta elurrarengatik

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak bertan behera utzi ditu gaurko ezarrita zeuden alerta laranjak, baina abisu horiak aktibatu ditu, olatuengatik eta elurragatik.

Mendebaldeko haizeak itsaso zakarra eragingo du, eta lehen bi milietan lauzpabost metroko olatuak espero dira. Hori horrela, nabigaziorako abisu horia egongo da indarrean astearteko 12:00ak arte. Goizaldean, lau metrokoak izango dira olatuak, eta eguerdirako apur bat txikiagoak (3.5 metrokoak) espero dira.

Eguraldia hasieran aurreikusitakoa baino hobea da. Dena dela, 18:00etan beste abisu hori bat ezarriko dute, elurragatik. Barnealdean 600-700 metro artean kokatuko da elur kota. Goizaldean trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra egin dezake, bereziki kostaldean

Abisu horia astearteko 09:00ak arte egongo da indarrean. Elur maila 800-900 metrora igoko da lehen orduetan, eta 1.200 metrotik gora, egunaren amaieran. Atertzera egingo du, gainera.

Hain justu, elurrak aurreneko trabak eragin ditu goizean. Ertzaintzak zazpi auto atera behar izan ditu Herrerako mendatetik (Araba).

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoako albisteak Nafarroa Araba Eguraldia Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa Ekaitzak albisteak