Gizartea -

TRAFIKO MOZKETA

AP-8 autobideko Elgoibar-Eibar tartea itxita egongo da asteazken goizaldean

Hiru orduz itxiko dute Bilborako bidean, Maltzagan, AP-1 eta AP-8 autobideen arteko lotunean birmoldatzeko lanak egiteko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maltzagan, AP-1 eta AP-8 autobideen arteko lotunea birmoldatzeko lanen barruan abenduaren 19rako (asteartea) iragarrita zegoen itxiera bertan behera utzi dute azkenean, aurreikuspen meteorologikoaren ondorioz, eta abenduaren 20ra (asteazkena) atzeratu dute, Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak jakinarazi duenez.

Horrela, asteazkenean, AP-8a itxita egongo da 01:00etatik 04:00etara Bilborako bidean. Elgoibar eta Eibar artean itxiko dute 64,500 kilometro-puntuaren eta 71,000 kilometro-puntuaren artean. Mozketa horrek zuzenean eragingo dio Maltzagako AP-1eko lotuneari, Gasteizerako bidean, 69,300 kilometro-puntuan, eta, ondorioz, hori ere itxita egongo da.

Tarte horretan Donostiatik Bilbora edo Gasteizera joan nahi duenak 64 irteeran (Elgoibar) atera beharko du autobidetik, eta N-634 errepidetik Eibarrera jarraitu, berriro autobidean sartu, eta Bilbo edo Gasteizerako bidea hartzeko.

Lanak astearte gauean hasiko dira, 22:00etan, 01:00ak arte, eskuineko erreia moztuta. Jarraian, baina, hiru orduz itxiko dute Bilborako bidea. Autobidea 04:00etan irekiko dute berriro, eta trafikoa eskuineko erreitik bideratuko da 05:00ak arte, ezkerrekoan lanak amaitzen dituzten bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bilboko albisteak Donostiako azken albisteak Eibar bideoak Elgoibar argazkiak Gizartea bideoak Trafiko webkamerak Gasteiz Eguneko albisteak A8 autobidea gaur AP-68 autobideko istripuak gaur