Gizartea -

Eguraldia

100 km/h-tik gorako haize-ufadak, Euskal Herrian

Pasealeku Berria, Zurriolako kai-muturra eta Haizearen Orrazia itxi ditu Donostiako Udalak. Era berean, Gasteizko Udalak hainbat parke eta pasealeku itxi ditu.

Olatuak Zarautzeko (Gipuzkoa) hondartzan. Argazkia: Lorentxo Portularrume
Olatuak Zarautzeko (Gipuzkoa) hondartzan. Argazkia: Lorentxo Portularrume
'Bruno' ekaitza, neguko lehenengo denboralea, Euskal Herrira iritsi da

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi eta Meteorologia zuzendaritzak abisu hori ezarri du astearte honetan, eta bihar, asteazkena, haizeagatik. Astearte honetan haize ufadak 100 km/h-tik gorakoak izango dira; eta asteazkenean, 110 km/h-tik gorakoak.

Orduñan (Bizkaia) 105,5 kilometro orduko haize ufadak izan dira astearte honetan, 104,8 kilometro ordukoak Galean (Getxo) eta 101,9 kilometro ordukoak Cerrojan (Karrantza).

Abisu horia asteazken eguerdira arte egongo da ezarrita. Asteazken goizean, haizeguneetan, 100-100 km/h-tik gorako haize-kolpeak aurreikusi dituzte. Gainerako zonaldeetan 80 km/h-ko ufadak izango dira, eta abisua 09:00etan amaituko da.

Olatu handiak kostaldean eta elurra barnealdean

Horrez gain, asteazkenean, abisu horia ezarriko dute kostaldean, eta abisu laranja lehenengo bi miliatan, goizaldeko 00:00etatik 00:00etara. Zazpi metrotik gorako olatuak izango direla ohartarazi dute, eta 13-14 segundoko tartea egongo da horien artean.

Era berean, barnealdean, abisu horia ezarriko dute elurragatik, 06:00etatik 00:00etara.

Elur-maila 900 metrotan egongo da asteazkenean. Gainera, euria egingo du, batez ere Kantauri isurialdean. Txingorra ere bota dezake.

Ostegunean abisu horiak aktibo jarraituko du itsasaldeko arriskuagatik lehengo bi miliatan.

Pasealeku Berria, Zurriolako kai-muturra eta Haizearen orrazia, itxita

Horrela, badaezpada Pasealeku Berria, Zurriolako kai-muturra eta Haizearen orrazia itxi ditu Donostiako Udalak, datozen orduetan itsasoko olatuek gogor jotzea espero baita.

Toki horietan “seinale guztiak errespetatzearen garrantzia” gogorarazi die Martin Ibabe Segurtasun eta Babes Zibileko zinegotziak herritarrei.

Hainbat parke itxiko dituzte Gasteizen

Bestalde, Gasteizko Udalak hainbat parke eta pasealeku itxi ditu haize denboraleagatik.

Zehazki, ezin da ondorengo pasealeku hauetan ibili: Senda, Unibertsitatea, Cervantes eta San Prudentzio. Parke hauek ere itxita izango dira: Baserria, Maria de Maeztu, Esmaltaciones hegoaldeko linea, Prado, Aranbizkarra, Arana, Arriaga eta Florida.

Udaltzaingoak asteazkenean 09:00ak arte mantenduko ditu itxita; izan ere, zuhaitz asko daude, eta adarrak eta zuhaitzak erori daitezke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alerta meteorologikoak argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguraldia Donostia Gizartea Gaurko azken orduko albistea